Cordoba y Oro plaza libratzen ahaleginduko da Udala

Ubane Madera 2008ko apirilaren 25a

Han eraiki behar dituzten etxebizitzak atzerago eraikiko dituzte, plazaren zati hori libratzeko. Hori horrela, etxeendako galdu behar duten espazioa errekuperatuko dute altuera bat gehiago eraikita. Proiektua Hirigintza Sailean ikus daiteke.

Cordoba y Oro plazari dagokion proiektuan egin duten aldaketa norbaitek ikusi gura badu edo alegaziorik aurkeztu gura du, maiatzaren 15era arteko epea izango du.

 

Kontua da auzo hartako bizilagun askok idatzia aurkeztu zutela Udalean aurtengo urtarrilean,  bi eskaerarekin. Batetik eskatu zuten etxebizitza berriak egiterakoan errespeta dezatela Cordoba y Oro plaza. Eta bestetik, eskatu zuten etxe berriek oraingoen altuera bera izan dezatela, oraingoek argitasunik gal ez dezaten.

 

Udaleko ordezkariek eta auzotarrek hainbat bilera egin zituzten gai hori lantzeko eta San Andresko etxebizitzen proiektuan egin duten aldaketa da bilera horien emaitzetako bat.

 

Udaleko Hirigintza Sailetik adierazitakoaren arabera, aldaketa horren bitartez ahalegindu dira plazarendako lekua lortzen. Juan Antonio Urdangarin, Hirigintza Saileko teknikari-buruak aditzera eman du "etxeak hartzen duen azalera gutxitu eta aprobetxamendu bera lortzeko alturan planta bat irabaziko" dutela. "Cordoba y Oroko etxeak modu horretan egongo dira urrutirago, baina izango dute altura bat gehiago".

Babes ofizialekoak eta libreak

Proiektu orokorrari dagokionez, San Andres auzoan Polmetasa lantegiaren orubean eraiki behar dituzte etxebizitzak: babes ofizialeko 68 etxebizitza eta beste 160 libreak. Horrekin batera, lur azpiko aparkalekuak ere eraikiko dituzte: etxebizitza bakoitzeko bi aparkaleku eta 100 metro karratu duen lokal bakoitzeko beste aparkaleku bat. Horietatik 50 aparkaleku doan emango dizkio enpresa eraikitzaileak Arrasateko Udalari. San Andres Berri S.L. arduratuko da proiektua gauzatzeaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak