Corazon de Encinako aste kulturala azken txanpan sartuko da

Mirian Biteri 2009ko mai. 7a, 18:10
Arrasateko Corazon de Encina kultura elkartekoek XIX. aste kulturala ospatzen dihardute asteon. Gaurtik domekara bitartean, askotariko ekimenak antolatu dituzte.

Gaur, egubakoitza, 19:00etan hasiko dira, Dragoi gimnasia taldearen erakustaldiarekin. Iluntzean, 21:00etan, Francisco Davilak saiheski jana gertatuko du eta jarraian, gitarra eta flamenko ikuskizuna eskainiko dute Isabel Fernandez kantariak eta El Rubio gitarra jotzaileak. Eguna Alex Barredo umoristarekin amaituko da.

Bihar, zapatua, ekitaldiz josita dator Extremadurako elkarteak antolatutako aste kulturala. 13:00etan, elkarteko presidentearen agurra eta jarraian, lurraldeko ardoarekin brindisa eta Extremadurako produktuen dastatzea izango da.

Hori, eguerdiari dagokionez. Arratsaldean, berriz, 18:00etan, Las Chambras taldeak musika ikuskizuna eskainiko du eta ondoren, Donostiako Extremadurako elkarte kulturaleko Nuestra Señora de Guadalupe izango da agertokira igoko dena.  

Zapatuan, afaria

Biharko musika emanaldiak ez dira hor amaituko. 19:30ean, Arrasateko Al-Andalus elkarteko koro rozieroaren emanaldia hasiko da eta jarraian, play-back lehiaketa egongo da. Eguna amaitu aurretik, Corazon de Encinako bazkideek gertatutako afari ederra eta gero, goizaldera arte, Rex izeneko taldearekin dantzaldia izango da.

Domekan, lehiaketak

Aurtengo aste kulturalari etzi, domeka, emango diote amaiera. 12:30ean, Extremaduraren gaineko bideoek eta musikak izango dute tokia eta jarraian, patata tortilla zein Extremadurako erara egindako gazpatxo lehiaketaren txanda izango da. Jarraian, gertatutako tortillak eta gazpatxoa dastatu ahal izango dituzte elkartearen gunera joaten direnek.

Arratsaldean, mahai-jokoak eta txiste lehiaketa egongo dira. 18:45ean, azkenik, itxiera ekitaldia hasiko da; horretan, egunotan izandako joko eta lehiaketako sari banaketa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak