La Caixako etxeen zozketa publikoa eguenean, baina ateak itxita

Ubane Madera 2009ko mar. 23a, 13:04
Babestutako errentan hartzeko 148 etxebizitza dira asteon zozketatuko dituztenak. Onuradunek ekainean aukeratu beharko dute zein etxebizitza gura duten, planoarekin.


Ikusmin handia dagoen arren, La Caixako etxebizitzen zozketan izena emanda duten eskatzaileak ezin izango dira joan eguenean, martxoaren 26an, egingo duen zozketara; izan ere, ateak itxita izango dira eskatzaileendako. Hitzordua da 10:30ean, La Caixak Garibai etorbidean duen bulegoan. Hori bai, zozketa bera jendaurrean egingo ez duten arren, publikoa izango da. Hala, komunikabideak bertan egoteaz gainera, Arrasateko Udaleko ordezkariak ere joango dira, eta, halakoetan ohi denez, notario batek gidatuko du zozketa, ordenagailu bitartez.
Horren harira, La Caixak berak iragarri du zerrenda euren webgunean argitaratuko dutela, 18:00etarako. "Hain zuzen ere, eskatzaile bakoitzak kontsultatu ahal izango du zerrenda, eskaera zenbakia eta nortasun agiria erabilita betiere", aditzera eman du Mireia Ferrerrek, La Caixako Etxebizitza Eskuragarrien Programako zuzendariordeak. 

Eskatzaileak, taldeka

 


Bonboan 494 eskatzaile daude, kupoka banatuta: 133 etxebizitza dira 65 urtetik beherakoendako, eta talde horretan daude 448 eskatzaile; beste sei etxebizitza dira familia bakarrekoendako eta genero biolentzia jasan dutenendako, eta hor daude 28 eskatzaile. Sei etxebizitza gehiago egokitu dituzte zailtasunak dituztenendako; horko eskatzaile kopurua da zortzi lagunekoa. Eta bukatzeko, hiru etxebizitza daude 65 urtetik gorakoendako gordeta, eta talde horretan daude bederatzi eskatzaile.
Hori bai, kontuan izan beharra dago zozketaren emaitza ez dela izango behin betikoa. "Onuradunen datuak konprobatu egiten ditugu gero; izan ere, halakoetan askok gero baja ematen dute", jakinarazi du Ferrerrek. Hori horrela, etxerik tokatu ez zaienak pasako dira itxaron zerrendara eta bajak baldin badaude, haiek sartuko dituzte onuradunen zerrendan. Xehetasunak ere eman ditu La Caixako ordezkariak: "Maiatzeko bigarren hamabostaldirako izango dira behin betiko zerrendak".

Ekainean etxea aukeratu 


Etxebizitzei dagokienez, eraikitze obrak bide onetik doaz eta "uztailaren amaieran" entregatuko dituzte. "Ekainaren hasieran aukeratu beharko dituzte etxebizitzak, planoaren arabera. Aukeraketa egingo dute zozketako ordenaren arabera".    

Guztira 494 eskatzaile

Eskatzaile gehienak dira 65 urtetik beherakoak: 448. Genero indarkeria jasan edo familia bakarrekoen zerrendan 28 daude, 65 urtetik gorako bederatzi daude eta zailtasunak dituztenak zortzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak