Burdinak herrian izandako garrantzia islatzeko murala

Miren Manias 2010ko abu. 24a, 13:56
Aurten bete dira 750 urte Arrasateri Hiri Gutuna eman zitzaionetik eta aitzakia hori hartuta, herriko historia ezagutzera emateko hainbat ekintza antolatzen dihardute Sustarrak Errotuz taldeko kideek. Bada, Ferrerias kalean egindako murala izan da Arrasateko historian burdinak izandako garrantzia erakusteko modu bat.

Egin berri duten plazatxoaren ondoko eraikinaren horma zuriak aukera oso ona eskaintzen zuela ikusita, ideia pentsatu eta proiektua aurkeztu zioten Udalari. Ferreriaseko bizilagunen eta Udalaren oniritzia jaso ondotik, artistak bilatzeari ekin zioten.


Arrasateko Kopi, Danel, Edu, Zakari eta Luisitok egin dute murala, baina beste askoren laguntza ere behar izan dute hori gauzatzeko. Guztira, hamar bat lagunen taldea ibili da hiru egunez hamar ordutako lan jardunean eta adierazi digutenez, proiektu neketsua izan da.


Lanak labur egitea eta ahal den islada hoberena ateratzea dira Arrasateko margolarien berezitasunak. Bi kolore eta tonu desberdinak erabiliz, artelan txukuna egin dute. Besteak beste, spraiak, brotxak eta garabi bat erabili dituzte. Ideia espaziora egokitzeko, berriz, proiekzio teknika erabili dute, izan ere, zailena da marrazkia txikitik handira egokitzea.

Lehen aldia da horrelako horma handi bat pintatzen dutena; aurretik auzolanetan ibilitakoak dira: tabernetako hormak edota mural txikiagoak margotu ohi dituzte. Horregatik, erronka handi izan da Ferreriasekoa.


Inguruko bizilagunek ere lehen aldiz bizi izan dute horrelako ekimen bat, eta sopresa izan da gehienentzat. Artistek azaldu digutenez, muralaren gaineko interpretazio bitxiak entzun dituzte jada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak