Breakdance-a eta multimedia uztartzen dituen ikuskizuna Arrasaten, domekan

Mireia Bikuña 2009ko api. 1a, 13:33
Circle of Trust eta Logela Multimedia taldeek egingo dute Papiro...flexia ikuskizuna Amaia antzokian 19:30ean. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke kutxazainetan edo 'www.kutxa.net'-en.

Oso modan dauden bi genero ikuskizun berean ikusteko aukera izango dute domekan ,Arrasateko Amaia antzokira hurbiltzen direnek: alde batetik, breakdance-a, eta beste alde batetik, multimedia.

Mugimendu indartsuak

Domekako ikuskizunaren gainekoak ezagutzeko Logela Multimedia taldeko kideengana jo dugu: "Breakdance-a, musika eta bideoak uztartzen dituen multimedia ikuskizuna da Arrasaten egingo duguna. Alde batetik, Logela Multimedia taldekoon bideoak ikus ahal izango dituzte; eta beste alde batetik, Circle of trust taldeko dantzarien koreografiak. Dantzariek euren mugimendu indartsuak denbora errealean sortutako irudiekin nahasten dituzte". Emanaldiaren hasiera puntua orri txuri bat da. Orri hori manipulatuz milaka konbinazio sortu ditzakete. "Ikuskizunaren beste elementu nagusia pantaila bat da. Horrekin interakzioa lortzen dugu, eta sketch barregarriak egiten ditugu. Ikuskizun dibertigarria da", esan digute Logela Multimediakoek. Gainera diote 12 urtetik gorako edonor joan daitekeela Amaia antzokiko emanaldira. "Askotan etorri dira gure emanaldietara nerabeak eta gazteak euren gurasoekin. Familiako kide guztiendako emanaldia da. Ordu bete inguruko saioa da", diote.

Aurretik ikuskizun gehiago

Logela Mutilmedia lau kidek osatzen dute: bik bideoak egiten dituzte eta beste bik musika. Euren helburua da proposamen eszenikoak egitea: "Musika eta irudiak egiten ditugu, eta biak elkartuz proposamen eszenikoak egiten ditugu".
Papiro...flexia egin aurretik beste zortzi ikuskizun egin dituzte: Non demontre, Link Concert, Ohe handi bat, Klonk, Ikus, Break on stage eta Mokaua.
Oraingo ikuskizunean Circle of trust taldeko kideekin elkartu dira. "Urtero egiten dugun Brake on stage jaialdian elkar ezagutu genuen, eta lehen aldiz Klonk ikuskizunean egin genuen lan elkarrekin. Papiro...flexia elkarrekin egiten dugun bigarren ikuskizuna da", esan digute. Circle of trust taldeko kideak estatuko breakdance dantzari onenak direla esan digute Logela Multimediakoek: "Maila izugarria dute, eta paperarekin egin daitezkeen irudi guztiak egiteko gai dira gorputzekin. Ikusgarria da". Ader, Phase, Marcos, Vento, Extremo eta Put One dira Circle of trust taldeko dantzariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak