Bouncing Souls, Secret Army eta Last Rebels bihar Hiru aretoan

Mireia Bikuña 2009ko ira. 10a, 17:35
Kontzertua 22:00etan hasiko dute, eta rock-and-rolla, street-punka eta punk-rocka entzuteko aukera izango dute Hiru aretora joaten direnek.

Etxekoak

Del Campo, Losada, Letona, Iurgi eta Ibai dira Last Rebels taldeko kideak. 2004an sortu zuten taldea, entseatzeko lokala topatu ondoren. Bost urte eman dituzte rock-and-rolla eta street-punka jotzen eta hainbat kontzertu egin dituzte. Laster kaleratuko dute lehen diskoa.
Arrasatearrendako, RIP eta The Clash taldeak dira erreferente nagusiak; baina gertuko beste hainbat talde ere gustatzen zaizkie; besteak beste, Des-kontrol, Never Surrender, Arkada Social, The Bussines, Oi! the Arrase, Cicatriz, Iskanbila eta Kañeria 13 taldeak.

Secret army

Secret Army taldea Bartzelonatik dator Debagoienera. Maiatzean kaleratu zuten Redemption  euren azken lana. Lau kanturekin zazpi hazbeteko diskoa grabatu zuten. Biniloak lau koloretan aurkeztu zituzten. Entzuleek erantzun ezin hobea eman zioten diskoari.
Bartzelonako taldeak rock-and-rolla eta street musika lantzen ditu, eta, euren musika entzunda, Ruts, The Cracks edo Menace taldeen erreferentzia dutela antzeman daiteke. Era berean, hiruko horrek egungo musikaren ukituak ditu. Ruben, Iñaki eta Willy dira Secret Army taldeko kideak.

Disko berria

Disko berriarekin dator New Jerseytik Bouncing Souls taldea. Punk-rocka lantzen duen talde horrek 20th anniversary series diskoko kantuak joko ditu. 12 kantu ditu. Bitxikeria moduan, hilero single bat estreinatu dute. Gaurko kontzertura doazenek diskoko bederatzi kantu ezagutzeko aukera izango dute.
Taldeak hainbat aldaketa izan ditu 1987. urtean sortu zutenetik. Egun, Greg Attonito, Pete Steinkopf, Bryan Kienlen eta Michael McDermott dira Bouncing Souls taldeko lau kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak