Bost mozioren artean, bat bera ere ez dute onartu osoko bilkuran

Ubane Madera 2008ko apirilaren 25a

Alderdi politikoen arteko adostasunik eza da ez ohiko osoko bilkurak utzi duen irudia. Horren adibide da batzarrera bertara bost mozio aurkeztu dituztela eta azkenean bat bera ere ez dutela onartu, mozio batek ere ez du lortu-eta aurrera egiteko beharrezkoak zituen 11 puntuak. Ino Galparsoro alkateak, Pello Urizar EAko bozeramaleak eta Itziar Lamarain PPko bozeramaleak ere horixe nabarmendu dute, bost mozio aurkezteak erakusten duela zein den Arrasateko udalbatzarraren egoera.

Bost mozio politiko

Mozioei dagokienez, PSE-EEk eta EAJk aurkeztu dute bat, aspaldi iragarri zutena, eta hari alternatiba moduan, Aralarrek eta EAEk aurkeztu dute bakoitzak bere mozioa. Horrez gainera, PPk beste mozio bat aurkeztu du, eta hari alternatiba moduan, PSE-EEk aurkeztu du bosgarren eta azkeneko mozioa.

Bozketa

Bozketari dagokionez, PSE-EE eta EAJren "mozio etikoaren" alde bozkatu dute EAJ eta PSE-EEren zortzi zinegotziek; kontra bozkatu dute EB-Zutik koalizioko batek, EAEren zazpiek eta Aralarren zinegotziak. PP (1) eta EA (1), berriz, abstenitu egin dira. Gainerako bi mozio alternatiboak ere ez dira onartu.

PPren mozioari, berriz, aldeko botoa eman diote PSE-EEren lau zinegotziek eta PPren bakarrak. Gainerakoek aurka bozkatu dute. PSE-EEren mozio alternatiboari, berriz, PSE-EEk bakarrik eman dio baiezkoa (4), EAJ abstenitu egin da (4) eta beste guztiek aurka bozkatu dute.

Bozketaren azalpen politikoa

Boto azalpenei dagokienez, Itziar Lamarain popularrak behin eta berriro azpimarratu du PSE-EE eta EAJk batera aurkeztu duten mozio hori berandu datorrela eta joan den apirilaren 3an gaitzetsi behar zela Isaias Carrascoren kontrako atentatua. Nabarmendu du hori ez dela lortu orduan, besteak beste, PSE-EEko kideak ez zirelako osoko bilkura horretara joan. 

Jakina, horrek PSE-EEren aldetik erantzuna eragin du. Baina, oro har, Paco Gartzia bozeramaileak nabarmendu duena izan da EAJrekin batera aurkeztutako mozioa dela "higiene demokratikoa eta duintasunaren aldeko mozio etikoa".

Bestalde, EB-Zutik koalizioaren izenean, berriz, alokuzio luzea egin du Ander Rodriguez bozeramaleak euren postura defendatzeko. Gogora ekarri du, adibidez, 1997an ere zentsura mozioa izan zela Arrasateko Udalean eta hark ez zuela ezertarako balio izan. Proposatu du, besteak beste, "kontsulta bat egitea, herriari ahotsa emateko".

EAJren izenean Luis Mari Apraitzek nabarmen utzi gura izan du "bateraezinak direla udal ordezkari izatea eta bertako seme baten hilketa ez gaitzestea", eta bestelakoen artean, esan du "ETAren jarduna" dela "euskal nazioaren oztoporik handiena".

EAk, Pello Urizarren hitzen bitartez, azaldu du ez dagoela ados karguen dimisio eskaerarekin eta aditzera eman du Arrasateko egoera dela atzera pausoa egitea, "ni naiz ona eta bestea txarra, ni naiz zigortua eta bestea erruduna" dialektikan sartzea, eta horrek ez dakarrela ezer onik.

Eta bukatzeko, Joxe Etxeberria Aralarko ordezkariak azpimarratu du "Euskal Herriko gatazka eta indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak" ez direla "alde bakarrekoak eta gatazka gainditzea lortuko dela urraketa horiekin behin betirako amaitzen dutenean ETAk zein Frantzia eta Espainiako Estatuek". Eta gaineratu du "giza eskubide guztiak onartzen ez dituen udal ordezkarien jarrera txartzat hartzen" dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak