Nagusilan elkartearen Arrasateko ordezkari Tomas Atxak azaldu du, osterantzean, talde polita dagoela eratuta Arrasaten, 34 lagunekoa. "Hilero 400 bat ordu egiten ditugu; urtero 5.000 ordu. Boluntario gazteenak 60 urte ditu. Izan ere, gehienak erretiratuak gara. Baina gazteak ere izan daitezke boluntario, jakina. Eta beti behar izaten ditugu boluntario berriak, tarteka-tarteka batek baino gehiagok utzi egiten du-eta taldea; gaixotasunengatik. Parte hartu gura duenak 943 25 09 90 telefono zenbakira dei dezake.
Hiru bisita-gune
Arrasaten hiru leku bisitatzen dituzte: "Talde bat, 12 lagunekoa, astero joaten da Aita Mennira; beste taldetxo bat goizero joaten da Iturbide egoitzara, gurpildun aulkietan daudenak mezetara eraman eta halakoetan laguntzera. Eta beste batzuk ere arratsaldero joaten dira, egoiliarrak paseoan atera, karta-jokora, bingora eta bestelakoetara. Bukatzeko, San Juan de Dios ospitaleko gaixoengana hilero joaten gara, merienda eramatera".
Arrasaten 7 urte
Nagusilan Gipuzkoan sortutako elkartea da, Donostian, 1995ean. Dena den, gaur egun Estatu osora zabaldu dute elkarte hori. Arrasateko taldeari dagokionez, zazpi urteko ibilbidea dauka. Tomas Atxak berak eratu zuen, 2002an, sei lagunekin. Arrasate pasealekuan daukate egoitza eta hilero elkartzen dira.