Biteriko gasolindegia deitzen dio batek baino gehiagok, plaza nola geratu den batere gustuko ez duten seinale. Bada, Udalak orain urtebete inguru proiektuaren azterketa orokor bat egitea erabaki zuen, eta azterketak bihar erdituko du lehen emaitza ukigarria. Izan ere, Biteri plazaren erabilera funtzionala areagotzeko proiektu bat landu gura du Udalak, herritarren parte-hartze esperientzia baten bidez.
Siadeco enpresa, bitartekari
Esperientzia berritzaile hori aurrera eramateko, Aldundiaren laguntza jasoko du Udalak, eta Siadeco aholkularitza enpresak gauzatuko du. Hau da, aipatu enpresa izango da arrasatearren iritzi eta ekarpenak sustatzeko metodologiarik egokiena aplikatzeaz arduratuko den bitartekaria.
Bilera irekia
Hala, bihar, maiatzak 26 jarriko da martxan egitasmoa, Udaleko pleno aretoan egingo den lehen bileran. Arratsaldeko zazpietan hasiko da. Udalak "proiektuan interesa duten guztiei" deitzen die ekimenean parte har dezaten. Izan ere, prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, "herriarentzat egitasmo garrantzitsua izanik, herritarren lehentasun iritzi eta ekarpenak kontuan harturik bideratutako proiektua" izatea lortu gura da.
Bihar izango den bilera irekian hainbat gai jorratuko dituzte. Lehenik, herritarren parte hartze moduari buruzko argibideak emango dira, eta gero, Udalak proiektuarekiko dituen helburuak ere zehaztuko dira.
Azkenik, herriko taldeen zein herriko taldeetan parte hartzen ez duten arrasatearren iritzi eta ekarpenak ere jasoko dira. Bestalde, bigarren bileran eztabaidatze fasearekin hasiko dira. Ekimenaren gaineko argibide gehiagorako 943 31 00 34 telefonora deitu edo siadeco@siadeco.net helbidera idatzi behar da.