Biribilgunea eta bi zubi berri egingo dituzte Olandixoko tuneleko saihesbidean

Usoa Agirre 2009ko abe. 23a, 13:20
Gipuzkoako Foru Aldundiak 80 metroko diametroa eta bost adar izango dituen biribilgunea eraikiko du, bai eta beste bi zubi berri ere, gaur egun egiten ari den Arrasateko mendebaldeko saihesbidearen eta GI-627 eta GI-3455 errepideen arteko lotuneetan trafikoa arintzeko. Diputatuen Kontseiluak gaur, abenduak 23, onartu duen proiektu hau gauzatzeko 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta 2010eko erdialdean irekitzekoa den Arrasateko mendebaldeko saihesbidea (GI-2620) egiteko lanen barruan sartzen da.

Aldaketa horiekin gaur egun dagoen diamante itxurako lotunea eta Deba gaineko zubia kenduko dira; horien ordez 80 metroko diametroa eta bost adar izango dituen biribilgunea eta bi zubi berri egingo dira. Biribilgunean elkartuko dira Arrasateko mendebaldeko saihesbideko (GI-2620) lotura, Arrasatera eta Aretxabaletara GI-3920 errepidetik doazen bi bideadarrak, eta GI-627 errepidearekin lotzeko bi adarrak, bat Eibarko noranzkoan eta bestea Gasteizko noranzkoan.

 

Ikusi Mendebaldeko saihesbidearen hasiera mapa handiago batean

Mendebaldeko saihesbidea

Saihesbidea Mugarriko zubiaren ondoko biribilgune berrian hasiko da, GI-627 errepidera sartzeko lotunearen parean, Aretxabaleta eta Arrasate arteko mugan. Hasierako zatia mazelaren erdialdean barrena doa industri eraikinak gainditu ondoren, punturik garaiena hondakindegiak egongo diren ibar batzuen ondoan dago, eta, jarraian, beherantz doa tunel batean sartuta. 

Olandixon egiten ari den tunela 860 metro luze izango da, % 2,50eko malda izango du bide guztian, eta larrialdi kasuetarako hustubideak izango ditu, 480 metro luze, bai pertsonentzat eta bai ibilgailuentzat. Halaber, segurtasun eta kontroleko beharrezko instalazioak izango ditu. Tunelaren irteeran, saihesbideak Aramaio erreka igarotzen du zubi berri baten gainetik, eta lubetan jarraitzen du egungo GI-2620 errepidearekin bat egin arte, biribilgune berri batean.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak