Bilgune Feministaren talde bat Arrasaten sortu guran dabiltza

Ubane Madera 2008ko mar. 10a, 11:28

Bilgune Feministako hainbat kide Arrasaten talde bat sortzeko asmoa lantzen dabiltza. Hain justu ere, emakume eta gizonezkoen berdintasunaren aldeko talde hori sortzeko eta taldearen jarduna dinamizatzeko formazioa egiten ibili dira azken hilabeteotan. Bloga ere egin dute Goiena.net-eko blog komunitatean.

Zapatuan ziren Emakumeen Azokan postua jarrita, talde moduan plazaratzekoak baina azoka bertan behera geratu zela-eta, ez zen horrela izan.

Lekukoa hartu guran

Iraitz Agirre Bilgune Feministako kide arrasatearra dabil, besteak beste, ekimen horretan lanean. Berak azaldu digu Arrasateko mugimendu femimista indartzeko sortu dutela taldea Arrasaten: "Ikusten genuen mugimendu feminista Arrasaten oso indartsua izan dela urte piloan, baina azkeneko urteetan, berriz, oso-oso ahul dabil eta ikusi dugu gaiak lantzeko talderik ez zegoela. Sentsibilitate hori daukagun koadrilatxoa elkartu eta aurreko talde horren testigua hartzea da asmoa".

Feminismoa ardatz

Iraitz Agirrek aditzera eman du lekuko hori hartuko dutela, jakina, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde jarduteko helburuarekin. "Berdintasunaren diskurtsoa edo feminismoarena apurtxo bat baztertuta edo estigmatizatuta geratu dela uste dugu eta pentsatu genuen horri buelta eman behar zaiola; hori bai, poliki-poliki eta pausoz pauso. Dinamizatzeko beharra dagoela ikusita, gure helburua da horixe:  dinamizatzea, gure diskurtsoa kaleratzea".

Harremanetarako bloga

Teknologia berriak erabili dituzte, besteak beste, Arrasaten sortu nahi duten egitasmoaren berri emateko. "Taldean gutxi gara eta horregatik sarritan baliabide oso justuak ditugula konturatu gara; besteak beste, gurekin bat egiteko interesa izan dezakeen jendearengana heltzeko bitartekoak falta zaizkigula uste dugu. Horregatik erabaki genuen bloga sortzea: batetik, gure aldarrikapenak eta mezuak helarazteko baina, bestetik, eta bereziki, interesa izan dezakeen jende horri informazioa helarazteko", azaldu du Bilgune Feministako kideak. Hark gaineratu du dagoeneko erabilgarri dagoela blog hori. Beraz, edozein informazio jakin gura izanez gero, edo harremanetan jarri gura izanez gero, goiena.net/blogak/bilgunefeminista da bideetako bat.   

Abortua

Pasa berri den Martxoaren 8rako Arrasateko Emakume Kontseiluak aukeratutako aldarrikapenarekin, hau da, emakumeen parte hartzea indartu eta baloratu beharra dioenarekin  bat datozela azpimarratu du Iraitz Agirrek.

Dena den, horrekin batera, Agirrek jakinarazi du eurak bestelako gaia ere landu nahi izan dutela, hau da, abortuaren aldeko jarrera: "Mugimendu feministak abortuaren inguruan bideratu dugu deialdia eta gai hori Martxoaren 8an presente egoteko, azokan eskuorriak banatzeko asmoa genuen. Jendeari abortuaren inguruan dagoen diskurtso edo hipokresiaren gainean hausnartzeko eskatu nahi genioke. Gainera, ikusita aurten Espainiar estatuan egon diren arazo guztiak… Azkenean, gauza asko normaltzat onartzen eta ulertzen ditugu; mugimendu feministen ustetan, ez da batere normala gaur egun bizi dugun egoera eta hori da gizarteratu nahi dugun hausnarketa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak