Bihar, Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketak bederatzi urte egingo ditu

Usoa Agirre 2007ko eka. 1a, 14:07
Txapelketarekin batera ART taldeak Garagardoaren Festa egingo du plazan. Norgehiagokak Atxabalpeko zelaian jokatuko dituzte bihar, ekainak 2, 15:30ean hasita.

Atxabalpeko zelaiak orain dela 15 egun esan zion agur futbol talde nagusiari, eta asteburuan, dagoeneko bederatzi alditan hartu duen errugbi txapelketaz agurtuko da. Hala, errugbizaleek azkenekoz jarraituko dute, Atxabalpen, dagoeneko ekainean falta ezin daitekeen hitzordua: Nazioarteko Errugbi Txapelketa.

Hamar talde inguru

Urtero moduan, zapatu arratsaldean jokatuko dituzte zazpinako partiduak. Horretarako, Atxabalpeko zelaia bitan banatu eta zelaiaren zabalera aprobetxatuta egingo dituzte norgehiagokak. Ohiko partiduak baino bizkorragoak izaten dira horiek, eta normalean baino entsegu gehiago egiten dituzte, errazagoa da-eta kontrarioaren defentsa zulatzea. Horrelakoetan, fisikoki ondo dagoen taldeak egiten du aurrera. Hala, ARTko mutilek hamar-hamabi talde gonbidatu dituzte, eta oraingoz honako taldeek eman dute baietza: Bordeleko BEC, Donostiako Bera-Bera, Hernani, Eibar, Zarautz, Durango, Gasteizko Gaztedi eta Iruñeak.


Bestalde, errugbi hitzordu horren eskutik etorri da urtero Garagardoaren Festa, eta aurten ez da gutxiago izango. Gainera, antolatzaileek jai hori luzatu gura izan dute, karpa gaur zabaldu beharrean atzo zabalduta. Hori horrela, Alemaniako garagardo ederrak atzo ezkero dasta badaitezke ere, gaur ilunkeran egingo dute inaugurazio ekitaldia (19:00etan). Hala, gaur gauean karpan bertan afaldu ahal izango da: oilaskoa, txerri-ukondoa, Alemaniako saltxitxak... Horrekin batera, gauean karpan egongo diren lagunak dantzan jartzeko zuzeneko musika emanaldiak egongo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak