Bihar (martitzena) bukatzen da Kanpatorpeko harriak erosteko aukera.

Ubane Madera 2009ko irailaren 14a

Uztailean abiarazi zuen Arrasateko Udalak enkantea, Kanpatorpea kalearen eta pareko aldapatxoaren obretatik atera behar dituen galtzada-harriak eta harlauzak saltzeko. Bada, bihar da eskaintzak egiteko azkeneko eguna. Biztanleen Arreta Zerbitzuan egin behar dira eskaerok. Udalak 98 metro karratu harlauza eta 120 metro karratu galtzada-harri ditu saltzeko.

Kanpatorpea kalearen eta pareko aldapatxoaren, Iturriotz kaleraino iristen denaren zorua aldatu egin behar du Udalak, hango galtzada-harriak eta harlauzak kendu, eta zoru egokiagoa ipintzeko. Eta birziklatzea bultzatze aldera erabaki zuen harriok salgai ipintzea. 

Galtzada-harrien neurriak dira 21X12, eta 15 zentimetroko lodiera. Harlauzen neurriak, berriz, dira 60X60 zentimetro. Kopuruei dagokienez, berriz, 98 metro karratu harlauza daude eta 120 metro karratu galtzada-harri. Azken horiek, gainera, Markinako kareharrikoak dira. 

Maritxu Kajoi ostean

Maritxu Kajoi ostean aterako ditu Udalak harriak. Hori bai, abisatu du eroslea bera arduratu beharko dela harriak hartu eta eramateaz. Eskaerei dagokienez, BAZen galdetuta, jakinarazi dute hainbatek erakutsi dutela interesa harriekiko. Eta espero dutela azken orduan eskaintzak jasotzea. BAZera jo ezin ezean, korreoz ere egin daitezke eskaintzak, gutun ziurtatuaren bitartez, izan ere, eskaera egiterakoan, harriengatik eskaintzen duen prezioa jakinarazi behar du erosleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak