Sei hilabeteko geldialdiaren ostean bueltan dator Never Surrender. Izan ere, azken orduko arazorik ezean, disko berria bihar, egubakoitza, helduko da taldearen eskuetara. Taldearen hirugarren lana da, eta 1.000 kopia aterako dituzte. Digipack formatuan aterako dute, eta jakinarazi dutenez, bihar goizean jasoko dituzte kopia guztiak. Hala, Arrasaten ahalik eta azkarren salmentan jartzea da taldearen asmoa. Arrasateko hiru tabernetan jarriko dute salgai: Iluntz, Irati eta Basati tabernetan. Zortzi eurotan salduko dute.
Ondo landutako lana
Ondo landutako diskoa da 11 istorio, broncka eta gau ero. Musika Arrasateko Shot! estudioan grabatu dute eta ahotsak, berriz, Aretxabaletako Lazkano estudioan. Kantu borobilduak, diskoa taldearen bilakaeraren adierazle garbia da. Zortzi urteko ibilbidea daramatela argi geratzen da, heldutu egin da laukotea. Hala, aldaketak eta joera berriak ez dira falta. Esateko dutena euskaraz esateko konpromisoa berretsi dute eta euren azken lanean –Aurrerapenaren Izenean– ez bezala, kantu guztiak euskaraz egin dituzte –lan horretan bi abesti ingelesez atera zituzten–. Gainera, diskoan ez dira kolaboraziorik eta sorpresarik falta.
Goi-mailako bideoklipa
Azken lana lau haizeetara zabaltzeko asmoz, Never Surrenderrek bideoklipa ere grabatu du. Diskoa zabaltzen duen Langileentzat kantuaren bideoklipa grabatu zuten joan den domekan, hain zuzen. Lantegi huts bat aukeratu dute agertoki moduan, agertoki ezin aproposagoa kantuaren esanahierako. Bideolipa, diskoa bera moduan, oso lan txukuna da eta denetariko baliabideak erabiliz hartutako irudiak jarri dituzte ikusgai sarean.
Martxoaren 6an, aurkezpena
Azkenik, martxoaren 6an egingo dute diskoaren aurkezpena. Arrasateko gaztetxean izango da eta aurreratu dutenez, 108. kontzertuan bezala, 120 litro garagardo banatuko dituzte, musu truk. Sarrera bi eurotan jarri dute. Aurkezpenaren ostean, noski, diskoa Euskal Herri osoan zehar aurkezteko asmoa dute.