Bihar 12:00etan egingo dute udalbatza berria eratzeko osoko bilkura

Ubane Madera 2007ko ekainaren 15a

Ezustekorik ezean, bihar, zapatua, Ino Galparsoro (EAE-ANV) izendatuko dute alkate. Maiatzean, EAEk eskuratu zituen boto gehien; beraz, bihar, 12:30ean alkatea aukeratzeko egingo duten bozketan gehiengo absoluturik ez lortu arren, bigarren bueltan, boto gehien dituen alderdiko burua izendatuko dute alkate; Ino Galparsoro, beraz. Izan ere, gainerako alderdi gehienek jakinarazi dute ez dutela oztopatuko haren izendapena.

Ino Galparsorok berak adierazi du biharko ekitaldira baino gehiago, gobernu osaketari begira daudela. Horren harira, hauxe aditzera eman du: "Kontaktuak izan ditugu, baina ez dugu ezer berririk. Alderdiek herrietako batzordeetan komentatu behar izaten dituzte halako gaiak; beraz, pentsatzen dugu datorren aste arte ez dugula ezer berririk izango".

Edozelan ere, onartu du EA, EB-Zutik eta Aralarrekin berbetan izan direla, "aukera naturalena gobernua horiekin egitea" izango litzatekeelako. Dena den, gainerako alderdiekin berba egiteko asmoa ere badu Galparsorok.

PSE-EE eta EAJ

Hori bai, boto gehien lortu dituen bigarren indarrak, PSE-EEk, argi dauka ez diola babesik emango EAEri. Eta Paco Gartzia bozeramaileak iragarri zuen ahaleginduko zirela EAEk alkatetza ez lortzeko bestelako hitzarmenak lortzen. Baina, oraingoz, ez dute hitzarmenik egin bestelako alderdiekin.

Bestalde, EAJko zerrendaburu Luismari Apraitzek adierazi du azken ordukorik ezean, euren zerrendaburuaren alde bozkatuko dutela: "Zapatukoari begira, ez dugu harremanik izan. Gobernuari dagokionez, pentsatzen dut oposizioan izango garela. Oraingoz, ez dugu izan kontakturik EAEkoekin eta hori arraro samarra pentsatu zaigu. Akaso datorren astean hasiko da alkatea bere planteamenduak egiten".

EB-Zutik eta EA

EB-Zutik koalizioari dagokionez, berriz, jakinarazi dute EAErekin izandako batzarrean helarazi diotela dokumentu bat euren programaren oinarriekin, "gobernu posible baten gidoi moduko bat". Baina hori da gobernuari dagokionez. Biharko bozketari dagokionez, koalizioak bere hautagaiaren alde bozkatuko du: Joseba Ugalderen alde.

EAri dagokionez, berriz, Pello Urizar zerrendaburuak azaldu du bihar ez dutela EAEren hautagaiaren kontra bozkatuko: "Hortik aurrera, ezin dugu ezer aurreratu; batzarra dugu, eta hortxe erabakiko dugu gehiago. Dena den, argi dugu alkatetza izan behar duela boto gehien lortu dituenak. Gero, gobernua osatzeko kontuak uztailean argituko ditugu". 

PP eta Aralar

Bestalde, Aralarrek hauxe adierazi du: "EAEren izenean hautatuak izan diren zinegotziei, gure esker ona adierazi nahi diegu: Aralarrek zinegotzi bakarra lortu eta hura erabakigarria ez dela jakinda ere, guregana zuzendu direlako gobernu batzordean partaide izateko eskaintzarekin. Hala ere, ezin izan dugu baietzik eman, gure egitasmoa ez zaielako kontuan hartzeko modukoa iruditu. Arrasaten EAEk boto gehien lortu duenez, Ino Galparsororen alde emango dugu gure boto bakar hori alkatetza izan dezan, eta hemendik aurrera ere gure egitasmoekin bat datozen ekimen, proposamen eta puntuetan aldeko botoa emango diegu".

Antzeko pentsamendua erakutsi du Itziar Lamarain PPko zerrendaburuak: "Nire ustez, alkatetza izango du boto gehien lortu dituenak; gero, ikusi behar zein gobernu egiten duten. Proposatzen dutena Arrasterako eta arrasatearrendako ona bada, nire babesa izango dute". Gaineratu du berarekin ez duela inork berba egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak