Euskadiko Txapelketan lehian dabilen Ford Mugarri Arrasatek erraz irabazi zion atzo Zarautzi. Erraz, bigarren zatian defentsan egin zuten lanagatik, lehenengoan arrasatearrak makal ibili ziren-eta. Hala ere, lehenengo zatiaren amaieran bost goleko aldearekin erretiratu ziren (19-14).
Bigarrenean, zuzenduta
Bistan da Arrasateko entrenatzaileek atsedenaldiko minutuak defentsa zuzentzeko aprobetxatu zutela. Aldagelatik irteterakoan Arrasateko Igor atezainak egindako keinuak erakusten zuen ez zegoela taldekideek defentsan egindako lanarekin konforme. Ordura arte Zarautzek errazegi jaurti zuen 6-7 metrotatik, eta hori zen geratu beharrekoa. Eta baita egin ere, bigarren zatian Zarautzek 15 minutu behar izan zituen gol bat egiteko, eta Ford Mugarri ondo baliatu zen horretaz. (22-15, 22-16, 32-16, 39-21).