Bigarren eskuko liburu azoka gaur Seber Altuben

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2010eko maiatzaren 20a

Zahar-berri elkarteak, besteak beste, elkarterako dirua batzeko helburuarekin, bigarren eskuko liburu azoka egingo du gaur (eguena) eta bihar (egubakoitza) Seber Altube plazan arratsaldeko 18:30etatik 20:30ak bitartean. Euskarazko 100 bat liburu izango dira salmenta mahaietan; liburu bakoitza euro baten truke erosteko aukera izango da.

Maitena Arana, Zahar Berriko teknikariaren esanetan, azokaren helburu nagusia, Zahar Berrirentzako dirua biltzea da. Bizi dugun krisi egoera dela-eta, aurten oso diru-laguntza urriak izan ditu elkarteak; hori horrela, dirua lortzeko beste bide batzuk bilatu behar izan dituzte, tartean, gaur eta bihar egingo duten azoka.

Azokako salmenta-mahaietan, 100 bat euskarazko liburu izango dira; azokaren beste helburu bat da-eta, euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea. Liburu gehienak, gazte edo haurrentzako aproposak direla gaineratu du Zahar-Berriko teknikariak: komikiak, ipuinak eta horrelakoak. Hala ere badira, bertso liburuak eta baita eleberriak ere.

Liburu horiek guztiak, Zahar Berriko kideek, hau da, Berbalagunek zein herritarrek oparitutakoak dira; izan ere, elkarteak azoka egin ahal izateko, aurrez liburu eskaera egin zuen. Aranaren esanetan, ederto erantzun zioten deiari herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak