Bigarren eskuko jolasak batzen hasiko dira

Ubane Madera 2007ko azaroaren 16a

"Gabon garaian izaten den kontsumismoa murrizteaz gainera, jostailuen berrerabilpena bultzatzea eta diru gabeko truke eta, besteak beste, hartu-emanen balioa haurrengan sustatzea" da Txatxilipurdik datorren astean abiaraziko duen Jostailu Truke Merkatuaren helburua, elkarteko Maite Uribarrenek argitu duenez.

Hala, bigarren eskuko jostailuak batuko dituzte hiru asteotan, Erguin, Usaetxe, San Andres, Santa Marina eta erdigunean. Egoera onean dagoen jostailuren bat eramaten duen haurrari txartel bat emango diote; eta gero, haurrak txartel hori erabiliko du trukean jostailu bat hartzeko.
Merkatua abenduaren 15ean eta 16an egingo dute, Okendoko ludotekan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Merkatuan edozein jostailu hartu ahal izango dute haurrek lehenago jasotako txartelarekin.

Txikilandiarako begiraleak

Bestalde, Txatxilipurdik deialdia egin du Txikilandiarako begiraleak lortzeko. Txikilandia urtarrilaren 2an, 3an, 4an eta 5ean ipiniko dute. Goizerako behar dituzte 25-30 lagun eta arratsalderako, berriz, 40 bat lagun.

Bete beharreko baldintzei dagokienez, 18 urtetik gorakoa izan behar da eta "gogoa, gogoa eta gogoa izan. Horrez gain, baloratuko dugu esperientzia, formazioa eta arrasatearra izatea", azaldu du Uxue Zabaletak, Txatxilipurdiko kultura teknikariak. Hark gaineratu du, baina, 18 urtetik beherakoren batek lanerako gogoa badu, hartuko dutela, boluntario moduan lan egiteko, legez ezin dutelako ezer kobratu.

Jostailuak batzeko egutegia

Azaroak 22-23
Erguinengo Usaetxeko ludotekan eta San Andresko gaztetxokoaren ondoko alkatetzan.

Azaroak 29-30
Santa Marinako ludotekan.

Azaroak 4-5
Erdigunean, Okendoko ludotekan.

Ordutegia
17:00etatik 19:00etara eraman behar dira jostailuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak