Jazz doinuekin eman zion hasiera Arrasate Musikaleko Big Band taldeak. Bibrafonoaren doinuek bat baino gehiago mugimenduan jarri zuen kontzertu hasieran. Ondoren etorri zen Amaia Arriaranen ahots goxoak gau freskoa bero-bero jarri zuen. Arriananek eskainitako Bossa Novak Brasilgo 50eko hamarkadara eman gintuen. Dotorezia nagusi eszenatokian. Flying To The Moon edota Wave abestien estribillo itsaskorrek ikuslea abesten jarri zuten.
Feed back eta interaktibitatea lortu zuen Big Band-ek publikoarekin. Amaia Arriaranek joko bat ere proposatu zien ikusleei Alright, ok, you win abesti dibertigarria elkarrekin abesteko. Eta publikoa, guztiz entregatuta, ederto jarraitu zuen Arriaranek proposatutako jokoa.
Instrumentu bakoitzak ere bere momentu magikoa izan zuen. Hala nola, Migel Angel Maniegaren tronpeta doinuek 60ko hamarkadako filmetan murgildu gintuen. Txalo zaparradak jaso zituzten ere Eber Sanchez eta Jose Barrio gitarra jotzaileen punteo indartsu eta biziek. Bateriak eta saxofoiaren presentzia ere nabarmena izan zen. Erritmo bizi eta azkarrak eskaini zizkiguten Jesus Alvarez saxofoi jotzaileak eta Jose Ramon Elkoro bateriak. Publikoak "beste bat, beste bat" behin eta berriro eskatuta, bukaera borobila eman zioten emanaldiari latin jazz doinuekin Big Band-ekoek.
Gustura egindakoarekin
Kontzertu ostean, Zigor Martinez gustura azaldu zen egindako lanarekin. "Hasiera batean euriagatik suspenditzea ere pentsatu genuen baina dena muntatuta geneukanez eta jendea ere animatu denez aurrera egin dugu eta gustura gaude egindako lanarekin. Big Band taldeak, 2000. urtean sortu zenetik, urtero eman du kurtso bukaerako kontzertua. Urtean zehar egindako lana erakusteko modu polita da. Martinezek kontatu digu ikusleak gustura entzuten duten abestiak direla. "Batzuk oso ezagunak dira, baina urteak aurrera doazen heinean oraingo autoreen abestiak ere publikoari erakustea nahi izaten dugu. Entzundako abesti gehienak berriak izan dira". Orain oporrak hartuko dituzte irailerarte, baina kontzertuak ematea dute helburu. "Oraindik dena lotzeke dago baina, ziurrenik Durangoko Kafe Antzokian emango dugu kontzertua irailean. Errepertorio polita daukagu eta grabatzea ere nahi dugu".