Bi pleno egingo dituzte: bat ohiko gaiekin eta bestea mozio politikoendako

Jon Berezibar 2008ko api. 23a, 14:44
Alkatetzatik jakinarazi dutenez, apirilaren 24an landuko duten mozio politikoez gainera, badira herriaren egunerokotasunarekin lotutako bestelako gaiak ere. Hori horrela, eta hainbat alderdi politikok hala eskatuta, erabaki dute lehenengo osoko bilkura bat egitea gai arrunt horiek lantzeko (17:30ean) eta haren ondoren beste osokoa egitea, mozio politikoak lantzeko (19:00etan). Abaroa berria eta San Andresko alkatetza berria egiteko proiektu eraikitzailea aztertuko dituzte gai arrunten plenoan.

Hain zuzen ere, 17:30ean izango da aurreneko batzarra eta 19:00etan, bigarrena. Aurrenekoan hiru puntu landuko dituzte. Hirurak dira obrekin lotutakoak. Batetik, Abaroa berria eta San Andresko alkatetza berria egiteko proiektu eraikitzailea eta obren exekuzioa adjudikatzeko klausulak onartzea proposatuko dute.  

Bestetik, Iturbide egoitza berritzeko obrekin lotuta, berokuntza proiektua onartzeko proposatuko dute, eta azkenik, Zerrajera bi eremuko 2, 3 eta 4 faseak adjudikatzea proposatuko dute.

Bigarren plenoan, mozio bi

Batzar horren ostean, 19:00etakoan, berriz, momentuz, bi mozio politiko aurkeztu dituzte. Bata, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa, udal ordezkariek printzipio etikoak onartzeari eta hori egin ezean gobernu karguetatik dimititzeari buruzkoa da.

Eta bestea da PPk aurkeztu duena. Kasu horretan, zentsura mozioa aurkeztearen gaineko mozioa da. Horrez gainera, Aralar alderdiak adierazi du aztertzen dabilela emendakina edo zuzenketa aurkeztea edo ez. Joxe Etxeberria bozeramaileak aditzera emandakoaren arabera, osoko bilkuran bertan aurkez dezaketenez zuzenketa hori, azkeneko momentura arte ez dute erabakirik hartuko.

Osokora joateko dei zabala

Osokoarekin lotuta, Interneten zabaldu dute blog bat atzo bertan Denok Plenora izenekoa. Deialdia egiten dute osoko bilkurara joateko. Jakina, 19:00etako osokora joateko deialdia da egin dutena. 18:30ean egin dute hitzordua, Herriko Plazan lehenik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak