Jaioterritik oso urrun hil zen Arriaran, baina ezin esan erbestean hil zenik, Arrasate eta Euskal Herria beste maite baitzuen El Salvador. Militante borrokatua, askatasun beharra zuten herri txikien defendatzaile sutsua zen, borroka azken muturreraino eramateko gertu zegoen horietakoa. Amerikara joan aurretik ETAko kide izan zen, eta poliziatik ihesi joan El Salvadorrera. Han internazionalismo aktiboarekin konprometitu zen eta El Salvadorko gerra zibilean FMLN gerrillan sartuta borrokatu zen.
Euskal Herria eta El Salvador
El Salvadorren pasatako urteak arrastoa utzi zuen Arriaranengan, ezbairik gabe.
Euskal Herriarekiko maitasunaz gain, El Salvadorko herria bere aberri moduan hartu zuen. Hori argi ikus daiteke familiari idatzi zion azken gutunetako pasarte batean: "Egun batean konturatu nintzen zer den [...] euskalduna izatea, borrokalaria izatea, hemengoa [El Salvadorkoa] izatea. Konturatu naiz zer den maitatzeko bi herri izatea, borrokatzeko mundu bat izatea. Ezin naiteke banandu, ezin dut hura [Euskal Herria] utzi eta hau aukeratu; ezta hau utzi eta hura aukeratu ere".
Hildako beste euskaldun bi
Edozelan ere, ez zen izan Pakito Arriaran El Salvadorko gerran hil zen euskaldun bakarra. Beste bi gudari euskaldun ere hil ziren bertan: Begoña Gartzia eta Marta Gonzalez, hain zuzen ere. Hala, El Salvador Bihotzean lagun taldeak antolatuta, merezitako omenaldia egingo diete hiru euskal borrokalariei. Omenaldiak datorren asteburuan hasiko dira eta lau egun iraungo dute; ekitaldi guztiak Arrasaten izango dira.
Omenaldia eta topaketak
Datorren urtean Arriaranen heriotzaren 25. urteurrena izango da; baina omenaldi ekitaldiak aurten hasiko dituzte: hilaren 26an, hain zuzen ere. Egun horretan El Salvadorren hildakoei omenaldi ekitaldia egingo diete, eta ondoren herri bazkaria egingo dute.
Urriaren 27tik 30era, bestalde, beste hainbat ekitaldi egingo dituztela aurreratu dute antolatzaileek, Pakito Arriaran eta El Salvadorko gerra hizpide izango dituztenak guztiak. Besteak beste, bi hitzaldi izango dira Kulturaten, bi bideo emanaldi gaztetxean eta Pakito Arriaranen inguruko erakusketa Harresi aretoan. Kontzerturen bat egiteko asmoa ere badago.