Ertzainak kaleratutako oharrean halaxe jasotzen dira gertaerak: hilaren 11n, emakumezkoa kalean zihoala, solte zeuden bost txakurrek eraso egin zioten. Ondorioz, Ertzainei abisua eman eta txakurrak kendu zizkieten herriko bi jabeei eta txakurtegira eraman zituzten. Hilaren 19an , domekan, txakurren jabeak emakumea mehatxatu zuten honen etxe aurrean. Etxea erreko ziotela eta hil egingo zutela esan zioten. Ondoren, emakumeak gertatutakoaren abisua eman zion Ertzaintzari. Patruila bat bertara gerturatu zen eta bi anaiak laban eta arrantzarako fusil batekin aurkitu zituzten eta erresistentzia adierazi ostean biak atxilotu zituzten. Atzo, hilak 20, ordea, berriro deitu zuen emakumeak laguntza eske, izan ere, bi anaiak mehatxuka eta aitzurrarekin etxeko atea jotzen ari zirelako. Ertzainak iristean ihes egin zuten adin txikikoak gidaturiko autoan. Ertzaintzak autoa geldiarazi eta atxilotu egin zituzten.
Atxilotuta jarraitzen dute eta epailearen aurrera eramateko zain daude une honetan.