Lanik handienak Zigorrola auzoan egin behar dituzte. Han 35.000 euro pasa inbertituko dute. Adibidez, horietatik 6.000 euro inguru Elkano kalerako izango dira. Bestela esanda, kiroldegiko sarrerarako eta han dagoen parkinerako. Beste horrenbeste Bidekurtzetarako izango dira. Eta adibidez, 4.600 euro pasa Gipuzkoa Etorbideko espaloietarako erabiliko dituzte.
Lau urte lanean
Orain dela lau urte onartu zuen udal gobernuak Arrasaten dauden traba arkitektonikoak poliki-poliki kentzen joateko plangintza. Urte berean hasi ziren onartutakoa aplikatzen, eta lehenengo eta behin herriko etorbide eta kale nagusietan jardun zuten trabak kentzen. Hurrengo hiru urteetan, berriz, kale eta etorbide nagusietara doazen kaleetan egin zituzten obrak eta oraingo plangintzak erakusten duenez, auzoetan hasiko dira lanak egiten. Hain zuzen ere, eta Obra eta Zerbitzu Sailetik jakinarazitakoaren arabera, datorren urtean hasiko dituzte lanak.