Nondik sortu zitzaizuen Bertso gunea sortzeko ideia?
Lehen Arrasaten bazegoen Bertso eskola baina desagertu egin zen, eta bizitasuna eman nahi diogu bertsogintzari. Oñatiko bertso eskolako kide naiz eta gure herrian zerbait sortu behar zela pentsatu nuen. Hala, lagun batekin batera Bertso gunea abiarazi genuen.
Nola joan zen lehen eguna?
Ondo. Lehen klasera bost pertsona agertu ziren eta bigarrenera zazpi. Ekimenarekin hasteko moduko taldea sortu dugu.
Non eta noiz elkartzen zarete?
Egubakoitzero elkartzen gara gaztetxeko liburutegian, 20:30ean, eta saioaren araberakoa izaten da iraupena. Hau da, gustura bagaude, gaua ondo sartu arte egon gaitezke.
Zein da bertsogintza irakasteko metodoa?
Bizitzako beste hainbat gauzen antzera, egiten ikasten da. Doinuak ikastea garrantzitsua da; hainbat doinu ditugu eta abesten zoazen heinean, barneratzen joaten zara. Errimei dagokienez, trikimailuak ikasten ditugu. Baina gakoa da behin eta berriz lantzea.
Bestalde, Bertso gunea ekimen erabat parte-hartzailea izatea da garrantzitsuena guretzat, ez dago ikasle eta irakaslerik.
Aurreikusi al duzue jendaurrean saioren bat egitea?
Gaztetxeak baldintza bakarra jarri zigun Bertso gunea bertan egiteko: noizean behin jendaurrean bertso saioren bat egitea . Oraindik, baina, hasiberriak gara eta denbora dezente pasa beharko da horretarako. Agian, abenduaren 24an, Eguberriko jaialdian zerbait egin daiteke...
Zerbait gaineratzerik nahi?
Jendea animatzen dugu parte hartzera; bertan afaltzeko aukera izan ohi da, gainera.