Ondo estimatua da arbiaren burua eta horregatik sasoia baino hile pare bat lehenago hasten dira Arrasateko hainbat baserritar azoka saltzen. Arbigara baino haren hostoa da aldez aurretik azokan aurki daitekeena baina Arana berak argitzen du gustukoa delako eroaten dutela azokara hain goiz.
"Benetako" arbigarak
Hurrengo goizeko azokarako gertatzen aurkitu dugu Maria Arana, Ikutixon. Aza, porru eta berakatz berrien artean lekua egin die ere arbiei eta haien hostoei (oraindik) karretillan. Artean, hilabete itxaron beharko dugula diosku ze jakin badaki oso estimatu dela "benetako" arbigara, "oso ondo saltzen da". Azokan bertan Bedoñako Mariasun Iturbek ere eskaria handia izaten dela dio: "sasoi batean kukuluak irtenikoan ekartzen genituen arbigarak baina orain lehenago ekartzen ditugu". Bitxikeria bat ere aitatzen du Iturbek, galiziarrek ere oso estimuan dutela. "Han, antza, badute grelos delako landarea, arbiaren hostoaren modukoa baina horrek dena dauka kukulua" eta, hain zuzen ere, berak ere azokan saldu izan ditu greloak galiziar jatorriko asko eske joan zaizkio-eta. Maria Aranari ere kanpotik Ikutixora joan ei zaizkio behin baino gehiagotan arbiaren hostoaren bila, "Erguindik etortzen ziren andreak esanez mesedez ez botatzeko behiei, eurek gura zutela".
Mingotsa baina goxoa
Gainera, osasungarriak direlako ere balioa ba omen dute, C bitamina asko, mineralak eta libratze-lanendako ezin hobeak dira. Azarekin moduan, txiki-txiki egin eta egosita jaten dira arbigarak, hori bai, lehenik eta behin, ura birritan aldatuta.
Gaur egun ia ez da arbisororik ikusten baserrietan eta azoka plazan hiruzpalau postutan ikus daitezke arbiak (kukulen arrastorik ez oraindik). Bai Maria Aranak zein Mariasun Iturbek – biak ala biak plazako aurpegi ezagunak– diote eskaria badagoela eta azokan erosleei galdetuz gero, guztiek ezagutu eta askok preziatzen dutela, nahiz eta bakan batzuk barazkiaren zapore mingotsa gogoratuta, muturra okertu. Erosleetako batek, aramaioarra bera, gogoan dauka nola Espainiako gerraren aurretik ere estimatuak ziren arbigarak. Baserritarrek tabernariei ekartzen ei zizkien orduan eta tabernariei haiek ordainetan txuletak eman. Horren froga da, Arrasaten askok angulen mailako gutiziatzat dauzkatela garok. Elkarteetan ere koadrila asko batu izan da arbigaren aitzakiatan. Beraz, kalean, ikusten denez, estimatuagoak dira baserrian baino. Batzuendako behien bazka, besteendako preziorik gabeko gutizia.


