Benito Lertxundi Arrasaten izango da, abenduan

Ubane Madera 2008ko urr. 14a, 12:40

Benito Lertxundi Arrasaten izango da abenduaren 20an. Horixe da Amaia Udal Antzokiko urritik abendura bitarteko egitarauan Udalak iragarri duen ekitaldietako bat. Oriko kantariaz gainera, abenduan baita ere, gospel musika ekarriko dute Udal antzokira. Hori izango da abenduaren 23an. Eta aurten gonbidatu duten taldea, berriz, New Jerseyko Tye Tribbett and GA da. Eta abenduan segituz, dagoeneko iragarri dute, baita ere, nazioarteko akordeoi lehiaketa egingo dutela abenduaren aurreneko asteburuan.

Azarora etortzen bagara, berriz, zartzuela doinuak, zinema eta fadoak izango dira protagonistetako batzuk. Hain justu, azaroaren azkeneko bi asteburutan El Barberillo de Lavapies Barbieriren zartzuela ezaguna taularatuko du Izaskun Murgia elkarte lirikoak Arrasateko antzokian.

Zinemari dagokionez, berriz, fantasiazko eta beldurrezko zinema maratoia egingo dute, azaroaren 14an. Maila altuko maratoia izango da gainera. Izan ere, Kultura Sailetik emandako azalpenen arabera, Donostian urri bukaeran eta azaro hasieran egiten duten fantasiazko eta beldurrezko zinema maratoiaren jarraipen modukoa da. Donostiakoa bukatu eta gero, Gipuzkoako beste lau herri sartuko dira zinema maratoi horren zirkuituan; horietako bat Arrasate izango da.

Fadoei dagokienez, berriz, fadisten belaunaldi berriaren ahotsik aitortuenetako bat ekarriko dute Amaiara: Ana Moura portugaldarra. Azaroaren 8an izango da bera Arrasaten.

Eta urrira iritsita, oraingo asteburuan izango den dantza ikuskizun bereziaz gainera, iragarri dute hurrengo asteburuan, urriaren 26an, Maskarada taldea izango dugula Arrasaten, Ohean antzezlan ezagunarekin.

Hiruhileko eskuorria

Aurreneko aldia da Udaleko Kultura Sailak Amaia Udal Antzokiaren egitaraua argitaratzen duena. Eskuorria argitaratu du, hiruhileko programazioa iragartzen. Jon Garaik, Kultura teknikari-buruak aditzera eman duenez, "erronka" izan da hori eurendako, eta helburua da aurrera begira ere segitzea iragartzen denboraldirako aurreikusitako egitarau osoa.

Garaik esandakoaren arabera, orain arte hilabeteko kultura eskaintzaren berri eman izan dute, baina perspektiba edukitzea ondo dago eta Kultura Sailak herritarrei datorren denboraldian zer izango den aldez aurretik jakiteko aukera eskaini gura diete. Modu horretan, herritarrek baldin badakite Arrasaten zein kultur eskaintza izango den, herritik kanpora joan beharrean ekitaldi jakinen bat ikustera, Arrasatekoaren zain geratzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak