Belaunaldi bi eta punkari ohore

Jon Berezibar 2010ko mar. 14a, 11:45
Peter & The Test Tube Babies eta Material Rechazado: egubakoitzean punkak hazitako bi belaundi. "Belaunaldien talka" topiko nagi eta demasa erabilia izateaz gain musikan zentzua berehala galtzen du. Froga garbia da egubakoitzeko kontzertua Hiru aretoan.

Egia da Peter eta lagunak lehen kontzertuekin zebiltzan garaietan Material Rechazadoak ere lehen urratsetan ari zirela; baina oinez ikasten, kasu honetan. Ia 30 urte igaro dira eta Hiru aretoan oholtza konparti duten unearen aurretik batzuek hasieretako errodun punk burleskoaren beterano nekaezin bilakatzeko denbora izan dute – 9 disko apaletan jada eta kontaezinak diren zuzenekoa sorbalden gainean. Besteek, Arrasatekoek, denbora tarte horretan oinez bai baina baita ere gitarra eta bateria hartu eta erro horiek hartuta musika egiten ikasi dute. Amorru, itxaropen eta indarrez punk egiten ikasi dute, agian, Mondrako hain modako soinuaz apartetxoago, erpin zorrotzagoekin, "punkyago" (beste topiko bat). Esan dugu baina, beterano eta gazteek  – disko bakarra dute kalean Material Rechazadokoek – belaunaldien aurrez aurrekoa izan zutela baina urteek sortzen duten tartearengatik eta ez beste ezerengatik. Etxekoak hasi ziren noski. "Ohore bat izan" zela dio Borja Perez baxu jotzaileak eta, halaxe, agur puntu bat ere izan zuen kontzertuari ekin zioten. Bateria jotzaileak, Arabok, utzi egingo du. Taldeak, jarraituko badute ere, etentxoa egingo dute. Indarrez eta lagun artean jotako "gero artea".

Profesional baina fresko

Brightoneko bisitari aski ezagunen txanda heldu zen osten. Etxean jo barik ere etxean bezala egon ziren ingelesak euren jarraitzailez lepo baitzegoen aretoa. Batetik hori, eta, bestetik taldearen profesionaltasun eta jarrera bikaina konatuan hartuta, 30 urte errepidean daroan talde bati eska dakiokeen zuzenekoa eskaini zuten: akatsik gabea eta dibertigarria. Makinatxo bat disko atera eta gero, taldea errentez bizi daitekeen arren, aspaldiko kantuek lekua izan zuten baina gaurko egunean, euren buruen jabe, eta aurrera begira daudela erakutsi zuten Peterrek eta lagunek. Azpimarratzekoa da punk talde honen emaitza ze zuzeneko planteamenduan kontzertu neurtu eta profesionalak eskaintzen dituzte baina hor ez dute talka egiten generoak berak eskatzen duen bat-batekotasun eta freskotasunarekin. Punkarekin urteek emandakoa ere ez da alferrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak