Behingoagatik, UDAko zaleak Mondrako jarraitzaile

Xabier Urtzelai 2009ko api. 30a, 18:28
Mondrak eta Aloña Mendik jokatuko dute asteburuan etxean, UDAk ezer jokoan ez duen Idiazabalen zelaira egingo du-eta bidaia. Ligako 29. jardunaldiak, baina, izango du berezitasunik, sailkapenak baldintzatuta Mondrak inoiz baino zale gehiago izango ditu-eta: Arrasatekoak, eta baita Aretxabaletakoak ere. Izan ere, Azkargortaren mutilek bigarren dagoen Hernani hartuko dute zapatuan Mojategin (18:30).

Zapatuan, UDAk (61) baino bost puntu gutxiago dituen Hernanik (56) jokatuko du Mojategin. Seguruenik, arrasatearrek ez dute ondoko bizilagunari mesede egiteko aparteko motibaziorik, baina bai ligako oilarretako bat mendean hartzeko gogoa. Eta gogoa bakarrik ez, baita beharra ere, erabateko lasaitasuna hartzeko Arrasateko taldeak oraindik pare bat garaipen behar ditu-eta.

Aloñak zuzendu egin du bidea
UDAk duen helburu beragatik borroka egiteko berandu, baina Aloñak (50) ondo zuzendu du bidea, dagoeneko hiru partidu irabazi ditu-eta jarraian. Eta helburua garbi dute: ahal bada, bigarren dagoen Hernani harrapatu –datorren astean elkarren kontra jokatuko dute–. Oñatiko taldeak Zumaiakoren kontra jokatuko du domekan Azkoagainen (16:30).
Hirugarren mailara bidean, UDAk abantaila hori dauka, hernaniarrek kontrario gogorrak izango dituztela: Aloña, Pasaia, Trintxerpe... Ikusteko dagoena da ligako azken bi derbietan UDAk zer-nolako Mondra eta Aloña izango dituen aurrean. Badago horren gainean berba egiteko denbora.

Mondrako zuzendaritzak, erreleborik ez
Mondrako zuzendaritzan lau urte lanean egin eta gero, joan den hilean dimisioa aurkeztu zuen Jose Luis Azkarateren taldeak. Hauteskundeak deitzeko bete beharreko formalismoa da hori, baina emandako epean inork ez du hauteskundeetara azaltzeko asmorik erakutsi; Mondrak ez du berezko erreleburik.

Egoera horren aurrean, orain arteko zuzendaritzako kide Ramon Azkaratek azaldu du klubak emango dituen pausoak: "Egoera zein den ikusita erabaki dugu datozen asteotan klubaren ardura har dezakeen 12-15 gurasoz osatutako taldearekin batzarra egitea. Izan ere, azken hilabeteotan hainbat zurrumurru entzun ditugu zuzendaritza hartzeko gertu zegoen jendearen gainean. Baina gero inor ez da agertu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak