Bedoña Batu: baserri auzoaren nortasuna berreskuratzeko lanean

Edu Mendibil 2010ko uzt. 13a, 10:42
Auzoko jaietan izan ezik, elkartzeko aukera edo ohitura gutxi zutela ohartu eta elkarte bat sortzeari ekin zioten Bedoñako auzotarrek. Horrela, 2008ko otsailaren 8an Bedoña Batu elkartea eratu zuten. Ordutik, auzotarrei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dituzte.

Izan ere, Bedoñako garapenean partaide esanguratsua izatea da elkartearen helburuetako bat: "Auzoaren garapen eta trinkotzearekin zerikusia duten gaiak landu nahi ditugu, auzotarron arteko komunikazioa hobetuz, baserri auzoaren nortasuna berreskuratuz, edo haur eta gazteei euskararen eta bestelako kultura balioen transmisioa bermatuz", diote. Eta halaxe jaso dute elkartearen estatutuetan.

Lau lagun dira kudeaketa lanetan: Dorleta Gorosabel da presidentea, Maite Aginagalde presidenteordea, Nerea Arexolaleiba idazkaria eta Goiatz Zabala diruzaina.  Finantziazioari dagokionez, dirulaguntzak nahikoa ez direnez, antolatzen dituzten hainbat ekintza ordaintzekoak dira, nahiz eta elkarteak kopuru horren zati bat bere gain hartzen duen.
Orain arte egindako ibilbidearen balorazio positiboa egiten dute; "ekintza  batzuek partaidetza handiagoa izan dute, baina auzotarrengandik jasotako erantzuna pozik egoteko modukoa da. Umeen kasuan, esaterako, elkar ezagutu eta harreman berriak egiteko aukera izan dute. Gure hasierako erronkei erantzuten hasiak gara oraindik".

Auzotarren inplikazioa

Parte hartzeari eustea eta jende berriaren inplikazioa lortzea dira hurrengo erronkak. Lehen ere galdetegi bat pasatu zuten auzotarren artean, haien zaletasun eta interesen araberako ekintzak antolatzeko. Auzotarren partaidetza errazteko bideak jarri nahi dituzte. Elkartearen sendotzea hortik etorriko da. Eta horretan dihardute Bedoña aldean.

Tai-Chi ikastaroarekin hasi eta ordutik hamaika ekintza antolatu ditu elkarteak

Azken bi urteetan ekintza dezente antolatu dituzte Bedoña Batu elkartekoek. Tai-Chi ikastaroa antolatzen eta auzoko umeekin Santa Ageda eguna ospatzen hasi ziren eta ondotik ingeles ikastaroa, eskulanak, euskal dantzak, sukaldaritza begetarianoa, sendabelarren gaineko ikastaroa, ardo dastatzea eta beste hainbat etorri dira. "Dedikazioa eta lana eskatzen du elkarteko ekintzak aurrera ateratzeak". Hitzaldi eta erakusketak ere antolatu dituzte. Maiatzean, Miren Arzak osteopatak emozioaren eta osasunaren gainean jardun zuen Bedoñan eta 20 lagun batu ziren orduan. Ospakizunetan ere ez dute hutsik egiten eta hainbat irteera ere egin dituzte, sagardotegira edo Iparraldera, maskaradak ezagutzera. Elkartearen pista ez galtzeko iazko azarotik duten webgunera jotzea onena: www.batuelkartea.com

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak