Bederatzi talde, disko bat eta euskara xede

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko azaroaren 17a

Barikuan, azaroak 20, egingo da AEDren 25. urteurreneko diskoaren aurkezpen ekitaldia. Arrasateko gaztetxean izango da jaia, 19:00etan hasita; musikarik, umorerik eta jatekorik ez da faltako.

AEDren 25. urteurrena zeresana ari da ematen oraindik. Euskara elkarte aitzindariak iaz bete zuen mende laurdena eta urte osoan zehar egin zituzten hain urtemuga berezia ospatzeko ekitaldiak. Hala ere, iaz abiarazitako ekimen batek orain eman du fruitua: AEDren 25. urteurreneko diskoa, hain zuzen.
Hasieran 11 taldek grabatu behar zuten arren -azken orduko arazoek zenbait talderen parte-hartzea ekidin dute-, azkenean herriko bederatzi taldek hartu dute parte. Diskoa atzerapenarekin dator, ekainerako kalean egon behar zuen-eta. Atzerapenak, baina, ez du eten proiektua. Diskoaren helburua garbia da: euskara gazteengana musikaren bidez helaraztea. Kalean da salgai dagoeneko, AEDren egoitza eta Arrasateko zenbait tabernatan. Prezio sinbolikoa jarri diote diskoari: bost euro.

Askotariko estiloak, euskaraz

Hortaz, AEDren 25. urteurreneko diskoak merezi duen aurkezpen jaia izango du. Esandako moduan, Arrasateko bederatzi musika taldek hartu dute parte proiektuan. Hauexek dira euren musikaz kolaboratu duten Arrasateko taldeak: Gose, The Convicts, Ain_1, Foxy Boxxi, Haitzama, The 5 Twisters, Muskaria, Ozen eta Los Galerna. Talde guztiek euskaraz abestu dute disko horretan eta batzuek, gainera, euskara aukeratu dute gai. Talde batzuek euren kabuz grabatutako abestia sartu dute diskoan eta beste batzuek, berriz, Arrasateko Shot! estudioan grabatu dute kantua.

Ekimenean parte hartzea erabaki duten taldeen artean estilo aniztasuna da nagusi. Eta punka, rocka, surfa ala elektronika izan, guztiek euskaraz abestu dute.

Jai berezia, doan

Barikuan, hilak 20, egingo da diskoaren aurkezpen jaia, gaztetxean. Azkaiter Pelox  musikagile eta gitarra-jole bergararrak gidatuko du emanaldia, ohikoak dituen musika saio umoretsuekin. Diskoa erosteko aukera izango da, noski. Eta ez hori bakarrik, jatekorik ez da faltako. Sarrera doakoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak