AEDk, Tatxilipurdik eta Ekin Emakumeak elkarteek bazkide kanpaina abiarazi dute, euskalgintzara euskaltzale gehiago erakarri guran. Euskadunok jatun onak garela jakitun, zapatuan egin dute hitzordua, Herriko plazan. Besteak beste, iragarri dute gisatutako okelaren platertxoak banatuko dituztela, SUDC elkarteko kideek egindakoak.
Horrekin batera, talde argazki erraldoia ere atera gura dute euskaltzaleekin. 12:00etan egin dute hitzordua, esandako moduan, Herriko plazan.
140 literatura lan
Bestalde, AEDk urtero antolatzen dituen literatura lehiaketen harira, AEDtik jakinarazi dute iazko partaidetza (127 lan) gainditu eta aurten 140 aurkeztu dituztela: 93 bertso paper, 25 ipuin, 14 poema eta 8 komiki.
Lanotatik finalista izango direnen zerrenda apirilaren 16an argitaratuko dute, GOIENKARIAn eta AEDren webgunean (aedelkartea.com).
Eta gero, sari banaketa apirilaren 23an egingo dute, liburuaren nazioarteko egunean.