Batzar Nagusiak gertuagotik ezagutzeko autobusa Seberren

Jon Berezibar 2009ko mai. 4a, 18:55
Erakundeak herritarrengana gerturatzeko ahaleginetan Batzar Nagusiek autobusa abiatu dute multimedia azalpenekin. Gipuzkoarren egunerokoan eragin zuzena daukate Batzar Nagusiek eta mezu horrekin erakundearen zeregin eta funtzionamendua azaldu gura dute. Arrasaten dago gaurtik autobusa eta Rafaela Romero, lehendakaria izan da aurkezpenean; bere herrian, Arrasaten. Seberren ipini dute autobusa eta zapatura arte egongo da han.

Batzar Nagusiak gipuzkoarrengana gerturatu gura dituzte. Eta autobusez egingo dute hori. Arrasateko Seber Altube plazan egongo da zapatura arte eta, txiki zein nagusi, batzar nagusien zeregin eta egunerokoan daukaten eragina azaltzen saiatuko dira bertan


Gaur eguerdian egin dute aurkezpena eta horretarako Batzar Nagusietako mahaia bera izan da Arrasaten; Rafaela Romero, lehendakaria barne. Hain zuzen, arrasatearra da Romero eta aurkezpenean Arrasatek lurralde historikoan duen garrantzia aitatu du. Arrasaten egin zuten Batzar Nagusiek lehen bilera 1979an XIX. mende amaiera foruak debekatu eta gero.

Lehen batzar horretatik hainbat hamarkada igarota, Gipuzkoako Batzar Nagusiak ezagutzeko bidea erraztu gura diete herritarrei eta horretarako informazio guztia emango da autobusean, baita jolas bitartez ere, txikienendako.

Eskolako neska-mutikoak pasatuko dira bertatik baina herritarrei ere zabalik egongo da gaurtik zapatura bitartean.

 

Rafaela Romero, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea:

"Batez ere herritarrek ezagut dezatela zelako eran eragiten duten batzarkideek hartutako erabakiek eguneroko bizitzan eta euren poltsikoetan. Horretarako, modu ona iruditzen zitzaigun lurralde historikoa osatzen duten 88 udalerrietara Batzar nagusiak ekartzea. Gainera, bi fase egitea da gure nahia. Horrela, bigarren fasean, datorren urtean autobusera gerturatutakoak Batzar Nagusien ate-irekien jardunaldietara etor daitezela gurako genuke."

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak