Bat egin dute Olandixoko tunelaren bi aldeek

Julen Iriondo 2009ko ira. 7a, 16:59
Mendebaldeko saihesbidearen eraikuntzan mugarri garrantzitsua jarri dute gaur. Gaur amaitu dute Olandixoko tunelaren zulaketa. Saihesbidea bera datorren urteko San Juanetarako amaitzea da asmoa, eta honi esker nabarmen gutxituko da trafikoa Arrasate erdialdean.

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Ino Galparsoro Arrasateko alkatea buru, gaur goizean egin dute Olandixoko tunelaren bi aldeen bategite ekitaldia. Saihesbide berriak bi kilometro izango ditu, eta hauetatik 860 metro izango dira lurpekoak. Arrasate eta Aretxabaleta arteko bidegurutze ingurutik Uribarri auzora artekoa izango da errepide berria, eta ondorioz lanak amaitzean ez dute Arrasate erditik pasa beharrik izango, adibidez, Aramaioko bailarako lantegietara lanera joaten diren ehunka pertsonek. Gaur egun 11.000 ibilgailutik gora pasatzen da egunero, esaterako, San Andres auzo paretik.

Markel Olanok saihesbideak Debagoienarentzat dakarren onura nabarmendu du, kontuan izanda inguru hura dela, bere hitzetan, bailarako bizkarrezur ekonomikoa.


Obrako arduradunek adierazi dute lanak oso ondo doazela, eta gaurkoarekin amaitu dutela zatirik delikatuena. Tunela zulatzea lan gogorra izan dela gaineratu dute, askotariko materialdun lurra topatu dutelako, eta baliabide guztiekin egin behar izan dutela lan. Astean zazpi egunez, egunean 24 orduz 60 pertsona ari omen dira txandaka lanean tunel barruan. Saihesbideari dagokionez, hasieran jarritako 24 hilabeteko epea betetzeko martxa onean omen doaz, eta 2010eko San Juanetarako amaituta egotea espero dute. Honen harira, Ino Galparsorok adierazi du obraren amaiera gertu egotea poztekoa dela, baina ideia noizkoa den eta herriak ze behar dituen ikusita aspaldi egon behar zela eginda.


Zulatzen gaur amaitu duten tunelarekin batera, bi biribilgune eta Aramaio ibaiaren gainean joango den zubia izango dira errepide berriaren egitura nagusiak. 40 milioi euro baino gehiago kostako da obra egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak