Martitzena tokatzen da aurten abenduaren 22a, Santamas eguna. Gaurko eguna kontatuta (egubakoitza), 25 egun justu. Ezin bestela izan, eta jai handi hori antolatzen dutenak buru-belarri dabiltza lan eta lan.
Santamas Komisiñuek, adibidez, iragarri du laster ikusiko dugula Santamasetako kartela kaleetan. Besteak beste, horrek esan gura du aukeratuta dutela aurrerantzean Santamasetako marrazkia egingo duen egile berria, Olariagaren ordezkoa. Diote laster jakinaraziko dutela hori.
Berritasunak
Aurreratu dute, baita ere, berritasunak antolatzen dabiltzala, "zapatuari begira" bereziki. Eta martitzenari berari dagokionez ere iragarri dituzte berritasun gehiago; kasu horretan, herri kirolekin lotutakoak: "Ezohiko kirolariak azalerazteko asmoarekin eta, bide batez, dirua aurrezteko asmoarekin, kirolari gazteak ekarriko ditugu; adibidez, trontzalariak, motozerrarekin figura-egileak, lasto lasterketa eta beste izango dira".
Ekitaldi klasikoak
Bestalde, jakinarazi dute, esaterako, ekitaldi "klasikoak" ere izango direla; txerri-dantza, adibidez: "Eta herri bazkaria ere bai, kiroldegian. Bestalde, ganadua Laubide plazan eta artisauak Jokin Zaitegin ipiniko dira".
Txerria, enkargatuta
Santamasetako protagonistari dagokionez, berriz, hori ere enkargatuta dute: "Larrea (Araba) baserrian dago txerria, gizentzen. Oraindik ez dugu bataiatu. Hainbat proposamen daude-eta…"
Udala, baserritarrekin
Bestalde, Arrasateko Udala ere badabil bere lana egiten, Santamasei begira; hasita daude, adibidez, baserritarren baiezko batzuk jasotzen, eta iazko kopuru bera etorriko dela uste dute.