Baserritarren azokak hasiera ona eman dio urteari

Goiatz Arana Begiristain 2010ko ots. 21a, 10:05
Atzo, zapatua, egin zuten 2010eko lehen azoka Seber Altube plazan. Hotz egiten zuen goizean eta, beraz, mugimendu handirik ez zen izan lehen orduetan. Goiz erditik eguerdi aldera arte, baina, jende dezente bertaratu zen erosketak egitera eta saltzaileak pozik geratu ziren oso: 13:00etarako hutsik zeuden hainbat saltoki.

Mietza, Askasibar, Aranguren, Zuloeta, Gorostiza, Bidasoro, Ikutixo, Etxebarri... herriko dozena erdi baserri baino gehiagotatik ekarri zituzten etxeko produktuak plazara. Sasoiko produktuak aurkitu genituen askoren postuetan: azak, porruak, brokoliak, zerbak, buzkantzak... eta horiekin batera, bazegoen bestelakoak erosteko aukera ere: ogia, gazta eta txorizoa, esaterako.

2010eko lehen azoka konpletoa izan zen oso, Arrasateko baserritarrek jarritako postuei  kanpotik etorritakoek jarritakoak gehitu zitzaizkielako; fruta arbolak, baserriko erremintak, otarrak... aurkitu ditugu horietan.

Aurtengo nobedadea: produktu sorta opari

Azoka bakoitzean, baserriko produktu sorta bat zozkatuko da erosleen artean. Horretarako, zozketan parte hartzeko boletoak banatuko zaizkie erosleei, euren datuekin bete eta kutxan sartzeko. "Papertxoa bete eta kutxan sartzera joaten da jendea zuzenean, pozik", kontatu zigun Mietza baserriko Basili Ezenarrok. Zapatuan, Juakin Bedia arrasatearrari egokitu zitzaion otarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak