Baserritarren azoka, hilean behin Seberren

Ubane Madera 2009ko api. 30a, 20:14
Maiatzaren 16an, San Isidro egunaren harira, edo bestela esanda, baserritarren zaindariaren egunaren harira hasiko dira Arrasateko baserriko produktuen azoka berria egiten. Hortik aurrera, hileko hirugarren zapatuan (abuztuan eta abenduan kenduta) hitzordua dute baserritarrek Seberren.

Momentuz, Arrasateko zazpi baserritarrek eman dute izena: Ikutixok, Enuzketa Aldekoak, Gorostizak, Arangurenek, Bidasorok, Etxebarrik eta Askasibarrek. Leintz Gatzagako Jakion enpresako produktuak ere ekarriko dituzte azokara, eta "orturako landara saltzaileren bat eta beste postu bereziren bat, ekologikoa-edo, ekartzeko kontaktuak" egiten dabiltzala ere kontatu du Marga Garmendiak, azokaren antolaketan diharduen udal teknikariak. "Lehentasuna emango diegu hemengo baserritarrei, baina ez dugu baztertu ekimena inguruko baserritarrei zabaltzeko aukera", gaineratu du.  

Kalean, balio erantsia

Azaroan izaten den baserritarren azoka oinarri hartuta, herriko baserritarrek eurek bultzatutako ekimena da maiatzaren 16an abiaraziko duten azoka berria. Labur esanda, "erosle potentzialen artean baserriko produktuen salmenta errazteko, promozionatzeko", helburuarekin antolatu dute, "horrek dakarren guztiarekin: produkzio sistema tradizionalak, produkzio azkarrak ez direnak, garraiatu bako produktuak, bertan bertakoak", horixe da azokaren filosofia. Horrexegatik aukeratu dute Seber Altube saltoki moduan, "azoka kalera ateratzeak ematen dio beste presentzia, balio eta erakartasuna" baserriko produktuei, aitatu du Garmendiak. 

Hasieran, esperimentua

Esperimentu moduan abiaraziko dute azoka aurten. "Aurten saiakera egingo dugu eta gorpuzten bada jarraitzeko asmoa dugu". Udal teknikariak kontatu du, baita ere, estreinaldi horretarako  poltsa bereziak dabiltzala prestatzen Ingurumen Sailekoak: poltsa ekologikoak, berrerabilpena bultzatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak