Baserritarrek hilaren 20an jarriko dituzte berriro euren postuak

Mirian Biteri 2010eko otsailaren 1a

Baserritarrek hala eskatuta, aurten ere baserriko produktuen azoka egingo dute hilero Arrasaten, Seber Altube plazan. Arrasate Irratiari udal ordezkariek baieztatu diotenez, otsailaren hirugarren astean izango da lehenengoa; hain justu, hilaren 20an.

Joan den urtekoekin alderatuta aurtengoak, gainera, badu berritasun bat: azoka egiten den bakoitzean, han bertan saltzeke dauden baserriko produktuez betetako otartxo bat zozketatu egingo dute egun horretako bezeroen artean.

Esan bezala, baserritarrek eurak eskatu dute urte guztian egitea. Erabaki hori hartzen eta xehetasunak lotzen urtarrila pasa  eta horregatik otsailean egingo dute aurtengo lehenengoa. Urtarrilaren 25ean egindako Tokiko Gobernu Batzordean hartu zuten udal ordezkariek esandako erabakia.

Urtean 9 azoka 

Guztira, 9 azoka egingo dituzte, otsailetik azarora, biak barne. Abuztua salbuespena izango da. Hilabete horretako azoka prestatzeak gastu handiagoa du eta horregatik, abuztuan ez egiteko proposamena luzatu egin die Udalak baserritarrei, eta horiek onartu egin dute.

Baserritarrak pozik

Iaz maiatzean egin zuten lehen aldiz azoka hori, udalerriko baserritarren produktuak sustatzeko asmoz; eta hilero, bataz beste, 10 eta 11 ekoizle bitartean izan ziren. Tartean, Ikutixo, Enuzketa Aldekoa, Gorostiza, Aranguren, Bidasoro, Etxebarri eta Askasibarren produktuak egon ziren eskura, baita Leintz Gatzagako Jakion enpresaren kontzerbak ere.

Aurten ere kopuru hori mantendu egingo da. Izan ere, baserritarrak pozik daude herritarren artean iazko azokak izandako harrerarekin eta han lortutako salmentarekin.

Modu iraunkorrean hartuko dute parte baserritarrek Seber Altuben kokalekua duen azoka horretan. Dena dela, udalerri kanpoko hainbat ekoizle ere egongo dira tartean, euren produktuak modu ekologiko edo biologikoan ekoizten dituztenak, hain zuzen ere.

Udaletik azaldu digutenez, azoka egingo den bakoitzean hango postuak ondo antolatzeko, azoka baino egun batzuk lehenago, telefonoz deituko diete baserritarrei udal ordezkariei, hil horretako azokara joango diren edo ez galdetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak