Barrenatxo lekuz aldatzeak 200.000 bat euro balio dezake

M.B. 2008ko ots. 18a, 10:04
Barrenatxo errota tokiz aldatzeak eta Garaia Berrikuntza Gunean berriro eraikitzeak 180.000 eta 210.000 euro artean balio dezake. Horixe da Uribarriko auzo batzordeak aditzera eman duena. Proiektu hori egiteak zenbat balio dezakeen jakin gura zuen batzordeak eta horretarako aparejadore bat kontratatu zuen. Dagoeneko jaso dute horren emaitza.

Jakina denez, Barrenatxo errota tokiz aldatu behar dute. Gaur egun, Garagartzako errepide bazterrean dago eta Diputazioak ez du onartu berezko tokian uztea, errotaren atea errepide ondoan dagoelako eta beraz, irisgarritasun arauak ez direlako betetzen. Horrez gain, orain dagoen lekuan oinezkoendako babesik ez dagoela eta hori bermatzeko aukerarik ez dagoela ere arrazoitu du Diputazioak. Polmetasako eraikin berria egiten dabilen San Andres Berri promotoreak dauka konpontze lanen ardura, Udalak hala aginduta.

Uribarriko auzotarrek irtenbidea aurkitu diote horri. Barrenatxo Garaiara eramatea nahi dute, Gautxori baserria zenaren atzeko berdegune batera.

Mendiazpiko zubia

Barrenatxo errota, bada, ez litzateke bakarrik egongo han. Olandixoko tunelaren eraikuntza lanen eraginez, Uribarriko beste ondare arkitektoniko bat, Mendiazpiko zubia, bota egin beharko dute.

Uribarrikoek proposatu dute esandako zubia Barrenatxo ondoan berreraikitzea. Egitasmo horren aurrekontua zenbatekoa litzatekeen ez dakite oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak