Eta ez da txikia eraiki gura duten etxebizitza kopurua: 356, gutxi gorabehera (behin betiko kopurua proiektua egiten dutenean zehaztuko dute). Horiek guztiak ere Zerrajera gunean eraikiko dituzte, gaur egun aparkaleku moduan erabiltzen dugun orube horretan, alegia.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailetik emandako xehetasunen arabera, "anbulatorioaren atzeko aldean, eta Visesak eraikitako etxebizitzen atzeko aldean" eraikiko dituzte berriak, bi bloketan. Bloke batek izango ditu 216 etxebizitza eta besteak, berriz, 140. Etxebizitza horiek guztiak errentan emateko asmoarekin eraikiko dituzte.
Lurrak garbitu
Baina etxeok eraikitzen hasi aurretik, Zerrajerako lurren kutsadura garbitu egin beharko dute. Justu oraingo astean jakinarazi dio Jaurlaritzak Arrasateko Udal gobernuari garbiketa lanak laster hasiko dituztela. Aldez aurretik abisatuko dute noiz hasiko diren, Zerrajerako behin-behinerako aparkalekua desagertu egingo da-eta.
Horrez gainera, Jaurlaritzatik emandako xehetasunen arabera, etxebizitzen proiektuak ere oraindik egin barik daude. Hori bai, aurreikusita dute 2010ean hasiko direla etxeok eraikitzen.
Caixako etxeak
Bestalde, Zerrajera gunean eraikitzen diharduten babes ofizialeko beste etxebizitza sorta Caixa aurrezki kutxa dabil eraikitzen: 148 etxebizitza, guztiak ere, errentan emateko. Caixakoek iragarrita zuten martxoaren 26an egingo dutela zozketa. Bada, oraingo astean jakinarazi dituzte zozketa hori noiz eta non egingo duten: Caixako bulegoan egingo dute (Garibai etorbidean), 10:30ean. Zozketa publikoa izango da, beraz, interesa duen edozeinendako izango dira ateak zabalik.