Babes ofizialeko 175 etxebizitzaren zozketaren aurreneko pausoak

Ubane Madera 2009ko urt. 15a, 18:08
Arrasateko Udalak jakinarazi du oraingo astean argitaratu dutela Eusko Jaurlaritzako agindua, Zabalgunea eta Uribarri esparruetan babes ofizialeko 175 etxebizitza adjudikatzeko hautaketa prozesuari hasiera ematen diona. Bestela esanda, Gelman eraiki dituzten babes ofizialeko 131 etxebizitza eta Uribarriko 44 etxebizitzen zozketaren gaineko agindua da argitaratu dutena.

Agindu horrek, besteak beste, etxeon zozketaren gaineko hainbat zehaztasun finkatzen ditu. Adibidez, etxebizitza horietarako izena emateko epea itxita dagoela. Hain justu ere, 2008ko ekainaren 30a baino lehen Etxebiden izena emanda duten eskatzaileak bakarrik sartuko dira zozketan.

Eskatzaile horietatik zozketarako onartu eta baztertu dituztenen  zerrendak dagoeneko ikusgai daude. Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan kontsulta daitezke, otsailaren 14ra arte. Eta errekurtsoak aurkezteko epea ere zabalik dago. Hain justu, atzo zabaldu zuten eta otsailaren 14an bukatuko da.

Jaurlaritzako Etxebizitza Sailetik jakinarazitakoaren arabera, zerrenda horiek laster Internet bidez ere kontsultatu ahal izango dira, Etxebideren helbidean: www.etxebide.info.

Etxeen zozketa zela

Bestalde, Jaurlaritzak argitaratutako aginduak zehazten du, baita ere, zein baldintzen arabera zozkatuko dituzten etxebizitzak. Adibidez, zozkatuko dituzten 175 etxebizitzetatik 75 izango dira lau urteko antzinatasuna duten eskabideendako; 65 etxebizitza izango dira 25 eta 35 urte bitarteko eskatzaileendako eta beste zortzi elbarriendako. Gainerako 27 etxebizitzak kupo orokorrekoak izango dira.

75 urterako etxebizitzak

Etxebizitza horien lurrazal-eskubidea da Jaurlaritzak zozketatuko duena; hau da, 75 urterako etxebizitzak dira. 130.000 eta 140.000 euro bitarteko prezioa dute eta garaje eta trastelekuarekin adjudikatzen dituzte.

Zozketaren datari dagokionez, berriz, Jaurlaritzatik esandakoaren arabera, 2009an egingo dute, baina oraindik ezin dute data zehatzagorik aurreratu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak