Aztarna gehiago bilatzen hasiko dira gaur Lezetxikin

Mirian Biteri 2010eko ekainaren 28a

Aurten indusketak bertan behera geratzeko arriskua egon bada ere, azkenean ez da horrelakorik gertatu eta, zorionez, gaurtik, astelehena, izango da ostera ere Alvaro Agirrezabalagaren taldea Arrasateko Garagartza auzoan dagoen Lezetxiki kobazuloan lanean.

Azken orduko ezustekorik egoten ez bada, aurten 17 ikaslek jardungo dutela han uste du Aranzadiko arkeologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Alvaro Agirrezabalagak. Madril, Bartzelona eta Salamancako baten bat baldin badago ere, boluntario gehienak Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleak direla esan digu. Horren harira, Lezetxikiko aurtengo indusketetan atzerritarrik ez duela parte hartuko ere aipatu du: "Abuztuan Irikaitzen (Zestoa) egingo ditugun indusketetan atzerritarrak egongo dira, baina Lezetxikin ez; agian, krisia dela-eta izan daitekeela uste dugu".

Lezetxiki 2-rekin bukatu

Betiko moduan, hiru aste iraungo dute esandako indusketek; hain justu ere, uztailaren 17an amaituko dituzte lanak. Arrizabalagak azaldu digu kobazulo txikia edo Lezetxiki 2 moduan ezagutzen dena ia agortuta dagoela, eta, hortaz, bi helburu nagusi dituztela han: "Sekuentziarekin behin betiko bukatu nahi dugu, eta, horretaz gain, hainbat laginketa egin behar ditugu. Hiru urte barru horren azterketa zientifikoak amaituta  egon beharko du eta laginak hartu behar ditugu, hala nola polena, sedimentua eta mikrougaztunak aztertzeko".

Kobazulo handian, berriz, hondoa jo arte lanean "jo eta ke" jarraitu behar dutela gaineratu du. Ikerlariaren arabera, "material asko agertzen ari denez, bukatzeko gogoa ere badugu. 1996. urtean hasi ginen indusketak egiten; hortaz, hamabost urte eman ditugu hor lanean. Orain maila oso interesgarriak ari gara aztertzen, orain dela 150.000 urte ingurukoak, oso ezezagunak Kantauri aldean, eta horregatik, klasikoa da Lezetxiki".

2.000 orriko txostena

Bestalde, esan bezala, aurtengo indusketak airean egon dira azken ordura arte. Arrizabalagak gogorarazi du iaz indusketak baimentzeari uko egitea erabaki zuela Diputazioak, eta behin betiko txostena aurkeztu behar zutela agindu zuela. Bukatu arte azken txosten hori egitea ezinezkoa zela eta baimena ematen jarraitzeko eskatu zioten; ordainetan, orain arte aurkitutakoarekin 2.000 orritik gorako txostena aurkeztu zuten apirilean.

Giza aztarnak

Lezetxiki kobazuloa 1927an aurkitu zuten, eta 1956tik 1968ra bitartean, Jose Migel Barandiaranen eskutik indusketa garrantzitsuak egin zituzten han. Bertan topatu zituzten Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak; orain dela 150.000 urtekoak. Hain justu, 30 urte inguru zituen emakume baten besahezurra topatu zuten. Azterketek ondorioztatu zuten Homo Heidelbergensis giza espeziarena izan zitekeela, Neanderthal aurreko espeziarena.

Arrizabalagaren arabera, "Lezetxiki oso garrantzitsua da Iberiar Penintsulan ikusten delako Neanderthalen eboluzio guztia; bai biologikoa, agertzen direlako aztarna fisikoak, hezurrak, baina baita eboluzio teknologikoa, ekonomikoa edo kulturala".
Horrez gain, harrizko tresnak eta animalien hezurrak ere topatu dituzte han; besteak beste, leizeetako hartza (Ursus spelaeus) eta leizeetako lehoiaren (Panthera spelaea) hezurrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak