"Azken urteetan ahalegin handia egin da kirol zerbitzuan, eta herriak sumatu du"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko urriaren 16a

Urtebetez bajan egon ostean lanez lepo itzuli da Musakolako kiroldegira Iratxe Aranburu Arrasateko kirol teknikariak (Zarautz, 1976). Itzuli denean "lan martxa bera" sumatu duela dio; hori bai, galdutako martxari heltzea ez da erraza izaten... Aukearen kirol eskaintzez egin dugu berba Aranbururekin.

Zein izan zen lana urtebetez uztearen arrazoia?
Amatasun baja hartu nuen duela urtebete, eta beraz, alabaren zaintzan ibili naiz azken urtea, bestelako erronkan. Hori ere ahalik eta ondoen betetzen saiatu naiz.

Bueltatu zarenean, nola aurkitu duzu Aukea? Aldaketa eta berritasun asko?
Itzuli naizenean azken urteetan eroan dugun lan martxa bera sumatu dut. Hau da, Arrasateko herriari ahalik eta kirol eskaintzarik onena emateko lanean; gogoz eta ideia berritzaileak aurrera eroan nahian. Egia esan, nire barne sentipenak urte osoa kanpoan igaro ez banu bezalakoak dira: lehen egunetik txaluparen timoiari helduta!

Lan egiteko modua mantendu bada ere, azken urtean kirol eskaintza nabarmen handitu da Aukean. Zein izan da horren arrazoia?
Azken urteetan kirol zerbitzuaren hainbat arlo ordenatzen ibili gara eta azken urtean ere beste hainbat aspektu ordenatu dira; ondo egin da lan. Finean, ahalegin handia egin dugu kirol zerbitzuan eta esango nuke Arrasateko herriak ahalegin hori somatu duela.

Eta ahaleginak eman du fruitua, eskaintzok izan duten arrakasta ikustea besterik ez dago...
Aukean daroadan bi urteetan ikusi dudanez beti egon dira borondatea eta ideiak jarduerei buelta erdi emateko. Lan horrek denbora behar du, eta orain emaitzak jasotzen gabiltza. Gorantz goaz eta joan nahi dugu, hobetzeko gogo berdinekin eta proposamen guztietara zabalik. 

Kirol eskaintza

Hamaika jarduera berri, norberaren gustura antolatzeko

Iratxe Aranburuk hainbat jarduerak azpimarratu ditu. Lehen multzoan, body jam, body balance eta body pump: "jarduera ildo berriak dira, oso modu profesionalean, berritzailean eta moldagarrian gauzatzen direnak". E-goitek enpresa da zerbitzua kudeatzen duena eta Nuria Rodriguez gaian adituak egiten ditu begirale lanak. Gainera, erabat moldagarriak dira; hots, aerobik, batuka pilates edo spinning ekintzetan daudenak body jarduera horietako edozeinetan gura dutenean sar daitezke.
Bestalde, total fitness deritzon eskaintza nabarmendu du kirol teknikariak. Body ekintza guztien bilgune da eta, besteak beste, dantza ezberdinak, indar lana, luzaketak eta yoga moduko ariketa lasaigarriak egin ohi dira. Gainera, funky dantzak eta  spinning eta pilates saioak –goizez– ere hartu behar dira kontutan. Informazio gehiagorako: kiroldegira jo edo 943 77 16 77 telefonora deitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak