Azken momentuan lortu zuen berdinketa Ford Mugarrik

Txomin Madina Milikua 2009ko urr. 25a, 22:28
Arrasatearrek ez zuten seigarren garaipena erreskan lortzerik izan eta puntu bakarra geratu zen etxean. 27-27 izan zen azken emaitza.

Berdindua izan zen oso atzo arratsaldean Ford Mugarrik Bizkaiko Romo taldearen kontra jokatutako partidua. Gogoz irten ziren kantxara bi taldeak, eta arrasatearrak izan ziren lehenengo gola markatu zutenak. Ia lehenengo zati osoan etxekoak markagailuan aurretik joatea lortu zuten, baina gol errentak ez ziren oso handiak izan. Hala, atsedenaldira, 11-8 emaitzarekin joan ziren. Aurretik, baina, arrasatearrek jokalari garrantzitsu bat galdu zuten, Josu Herrerok min hartu zuen-eta.

Romoren defentsa aldaketa

Atsedenaldiaren ostean, jokoa gogortu egin zen. Hasieran behintzat, Ford Mugarrik egoera kontrolpean zuela zirudien, baina ez zuten jakin bizkaitarrek defentsan egindako aldaketei erantzuten. Horren ondorioz, bien arteko aldea murrizten joan zen eta partiduaren bukaera aldera, Romok aurrea hartzea lortu zuen. Azken minutura, 26-27 emaitzarekin heldu ziren eta berdinketaren tantua Aldanondok sartu zuen penaltiz. Asko borrokatuta, baina azkenean puntu bat eskuratzea lortu zuten arrasatearrek.

Epaileekin haserre

Epaileen lanak txistu asko jaso zituen partiduan, eta Edu Orgaz arrasatearren entrenatzailea haserre zegoen neurketa amaieran. ''Argi dago partiduak geuk galtzen edo irabazten ditugula, baina gaurkoan, epaileetako batek akats ugari egin ditu, eta hori ere jakinarazi egin behar da'' adierazi zuen Orgazek.

Atzoko garaipenarekin, Euskadiko Txapelketan lider izaten jarraitzen du Ford Mugarrik. Hurrengo jardunaldian, Corazonistas izango da aurkaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak