Azken momentuan mozio bana aurkeztu dituzte Aralarrek eta PSE-EEk

Usoa Agirre 2008ko api. 24a, 22:12
Aralarrek EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako mozioari alternatiba moduan aurkeztu du mozioa. PSE-EEk, berriz, PPk aurkeztutako mozioari erantzunez. Momentu honetan, EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa eta bere bi alternatibak irakurrita, alderdi bakoitzeko bozeramaileak iritzia ematen ari dira.

Aralarrek aurkeztu duen mozio alternatiboan EAJ eta PSE-EEk aurkeztu zutenari bi puntu aldatzen dizkio:

  • Bigarren puntua ez dutela txartzat hartzen baina erdibidean geratzen dela diote, ez direlako urraketa guztiak aintzat hartzen.
  • Azken puntua, dimisioa eskatzen zuena aldatu dute: "aurreko puntuak onartzen ez dituzten ordezkarien jarrera txartzat joko du udalak. Udal agintari orori eskatzen diogu herritar guztien zerbitzura egon behar duten neurrian herri honetako aniztasuna onartu dezatela eta beren jokabideak herritar guztien eskubideak bermatu behar dituela, horien artean giza eskubideak".


PSE-EEk, PPk aurkeztutako mozioaren alternatiba moduan, EAJrekin batera aurkeztutako mozioari puntu bat gehitu dio, zera esanez: "gaurko plenoaren ostean dimisioa aurkezten ez badute gainerako alderdi politikoak EAEren ostean boto gehien dituen alderdiak bultzatuta hasiko dira kontaktuak egiten udalerriaren gobernagarritasuna bermatzea bilatzeko eta botoak eskuratzeko zentsura mozioa aurkezteko."

Jende ugari

Osoko bilkura jendez gainezka dago. Jendea eseritzeko dauden ezkerraldeko banku guztiak PSE-EEko ordezkariek bete dituzte. Hemen daude, besteak beste, Rafaela Romero Gipuzkoako batzar nagusietako presidentea, Jesus Egiguren Euskadiko PSE-EEko presidentea eta Rodolfo Ares Euskadiko sozialisten exekutibako bozeramailea.

ANVren aldeko jende asko ere bildu da bilkura aretoan, "Independentzia aurrera" zioten kartelekin batzuk. Kanpoan ere jende asko bildu da eta plaza jendez beteta dago.

Ertzain ugari ere badaude plazan.

Ino Galparsoro alkatea txaloka hartu dute osoko bilkuran zeudenek. "ANV aurrera" eta "Ino, herria zurekin" oihukatu ditu jendeak. "Isaías, gogoan zaitugu" esan du momentu baten PSE-EEko militante batek, baina segituan ixilarazi dute "Zuek faxistak, zarete terroristak" oihukatuz. Inok ixilik egoteko eskatu du eta osoko bilkura hasi da.

EAJ eta PSE-EEren mozioa

EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa irakurri dute lehenengo. ANV udal taldearen mozio alternatiboa eta Aralarko udal taldearena irakurri dituzte ondoren.

EA eta EB-Zutikek eskatu dute ea bozkatu daitekeen puntuz puntu mozioa. EAJ eta PSE-EEk ezetz esan diete.

Ondoren, hitza hartu dute zinegotziek: 

Pako Gartzia, PSE-EEko zinegotzia: mozioa bera bakarrik defenditzen dela esan du. "Mozio etiko bat da, garbitasun demokratikoa eta duinasunezkoa". Denei eskatu die mozioa babesteko.

Itziar Lamarain, PPko zinegotzia: EAJ eta PSE-EEren mozioa oportunista dela esan du Lamarainek eta defendatzen duten etika oso urrun ikusten dutela. Botazioan abstenitu egingo dela esan du.
ANVren mozioari erantzunez, berriz, Ino Galparsoro alkateari esan dio zuzenean etika eta balore gutxi defenda ditzakeela ez badu herriko zinegotzi izandako baten hilketa ez badu salatzen.
Eskatu dio ANVri ETAri eskatzeko hiltzeari eta estorsionatzeari uzteko eta armak lagatzeko. ANVren mozioari ezezkoa emango diola esan du.

Joxe Etxebarria, Aralarko zinegotzia: EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako mozioak gabeziak dituela esan du eta horregatik aurkeztu duela mozio alternatiboa. Esan du Euskal Herriko gatazkan giza eskubideen urraketak ez direla alde bakarrekoak eta gatazka gainditzea lortuko dela urraketa horiekin behin betirako amaitzen dutenean ETAk, zein Frantzia eta Espainiako estatuek.
"Giza eskubide guztiak onartzen ez dituen udal ordezkarien jarrera txartzat hartzen dugu, eta herri honen aniztasuna onartu dezatela eskatzen diegu, eta horretarako ezinbestekoa da eskubide politikoak eta giza eskubideak irmoki defenditzea" esan du. EAJ eta PSE-EEren mozioaren kontra bozkatuko duela esan du.

Pello Urizar, EAko zinegotzia: "azken urteotako dinamika berean jausten ari" garela esan du. "ETAk bazekien Carrasco hil zuenean konfontrazioa egongo zela Arrasaten. ETAk politikan parte hartu nahi du. Baina tokatzen zaiona da desagertzea". Esan du ez duela jokabide alderdikoirik babestuko.

Ander Rodriguez, EB-Zutikeko zinegotziak hartu du hitza ondoren. Luze hitz egingo duela esan du eta horretan gelditu da. 

Osoko bilkura bukatu bezain laster izango duzue informazio gehiago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak