Kartzelan dagoen Ino Galparsoro alkatearen argazkia dela-eta egin zuten alde. Kontua da alkatearen lekuan, bere argazkia ipintzen dutela osoko bilkuretan. Helburua da Galparsoro gogora ekartzea, eta gogora ekartzea, baita ere, kartzelan egon arren berak izaten jarraitzen duela Arrasateko alkatea.
Bada, argazki hori kentzeko eskatu zuten sozialistek, baina jarduneko alkateak du hori erabakitzeko eskumena, eta Oihana Aranburuk erabaki zuen argazkiak bere lekuan segituko zuela. Hori ikusita, eta gainerako politikariei euren iritziak azaltzeko astirik eman barik, sozialistek utzi egin zuten osoko bilkuren aretoa, haserre keinu nabarmenarekin.
Hortik aurrera, osokoak bide normala segitu zuen eta gai guztiak aho batez onartu zituen udalbatzarrak. Horien artean baziren bi etxebizitzekin lotutakoak. Eta biak onartu zituzten.
Polmetasako etxebizitzak
Aurreneko puntua Polmetasako etxebizitzen proiektuaren gainekoa zen. Atzo aho batez onartu zutena izan da jatorrizko proiektuan aldaketatxo bat egitea, proiektu horrek Cordoba y Oro plazarengan ahalik eta eraginik txikiena izan dezan.
Gogoan izango duzuenez, jatorrizko proiektuak Cordoba y Oro plazaren zati bat hartzen zuen etxebizitzak egiteko eta inguruko auzotarrek eskaera helarazi zioten Udalari horri buelta eman ziezaion; sinadurak ere batu zituzten. Hori horrela, Udalean egokitu egin zuten etxeen proiektua, haren eragina txikiagoa izan dadin. Eta atzo behin betiko onespena eman zioten proiektuari.
Babes ofizialeko etxeen zozketa
Etxebizitzekin lotutako bigarren puntuak Uribarri eta Zabalguneako (Gelma) babes ofizialeko etxeen zozketarekin du lotura. Kontua da aurreko legealdian gura zutela Udala arduratzea etxe horien zozketarekin. Euren asmoa zen, besteak beste, Biztanleen Arreta Zerbitzuan etxebizitza horietako bat eskuratu gura duten herritarren zerrenda zabaltzea, gero haien artean zozketa egiteko.
Bada, ez dute halakorik egingo. Udalbatzarrak irizpidea aldatu eta atzoko batzarrean erabaki zuen Eusko Jaurlaritza izatea etxebizitza horien zozketaren arduraduna. Hori horrela, Etxebiden dauden zerrendak erabilita zozkatuko dituzte babes ofizialeko etxebizitza horiek.