Lapurretak dezente gehitu dira azken egunotan

Ubane Madera 2010ko mai. 4a, 12:19
Azken 10 egunotan lapurretak Arrasaten dezente handitu dela jakinarazi du Udaltzaingoak. Datu bat: azken bi egunotan 15 salaketa jaso dituzte, azkena atzo, astelehena. Auto barruetan lapurretan egin izana da salatzen dutena. Batez ere, aparailu elektronikoen bila dabiltza lapurrak: autoetako irratiak, GPSak eta auto barruetan uzten den edozein material.

Udaltzaingotik emandako xehetasunen arabera, lapurrak ez dira profesionalak eta lapurreta egin baino, apurketak eragiten dituzte automobiletan. Adibidez, kristalak apurtu barrura sartzeko, edo autoaren sistema elektrikoan kalte handiak eragin, irratiko kableetatik tiraka egitean.

Hori horrela, Udaltzaingoak herritarrei helarazi gura die auto barruan halako aparatuak bistan ez uzteko gomendioa.  

Etxeko atea giltzaz itxi

Bestalde, konfirmatu dute autoetan ez ezik, etxeren batean sartu izanaren salaketa ere jaso dutela. Lekuko batek emandako xehetasunen arabera, adibidez, jakin badakigu Erguingo Uriburu kalean sartu zirela lapurrak eguerdi batean iloba etxean lotan zegoela, bitxiak eta dirua lapurtu zituztela.

Bergarako ertzain-etxean salaketa ipinita, poliziak gomendatu dio etxe barruan egon arren, beti atea giltzaz itxita izateko.

Bukatzeko, Arrasateko Udaltzaingoak ez du lapurreten gaineko bestelako xehetasunik eman gura, adibidez, non gertatu diren gehienak. Emandako azalpenen arabera, euren ikerketa oztopa ez dezagun ez da komeni xehetasun gehiago ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak