Azken bi minutuetan lasai jokatu zuen MUk eta irabazi egin zuen

Mireia Bikuña 2009ko martxoaren 22a

Azken tartearen hasierako 15 puntuko abantaila lau puntukoa zen 38. minutuan. Arrasatearrek maila mantentzeko lehian hirugarren partidua irabazi zuten atzo Goierri Verkolen aurka: 93-81.

Laugarren tartearen hasieran, eta Goierri taldeko jokalari bati adierazitako falta baten ondoren, 15 puntuko tartea zabaldu zuten arrasatearrek: 72-57. Partidua ia erabakita zegoela zirudien, baina Goierriko jokalariek erasoan eta defentsan estutu egin zuten, eta MUko jokalariek ez zuten saskirako bidea topatzen. Arrasatearrak hiru minutu egon ziren punturik lortu barik, eta abantaila murriztu egin zuten.
Partiduaren joera ikusita hutsartea eskatu zuten arrasatearrek eta aginduak entzun ondoren Imanol Zeziagak hartu zuen erasoak egiteko ardura azken bi minutuetan. Saskiratze erabakigarriak egin zituen abantaila lau puntutik ez jaisteko.

Beste hiru laurdenak

Partiduko aurreko hiru laurdenetan jokoa nahiko parekatua izan zen. Lehen tartean MUko jokalariek erasoan ondo jokatu zuten, baina defentsan huts asko egin zituzten. 11-13 jarri zen aurretik Goierri, eta arrasatearren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Etxekoek buelta eman zioten partiduari eta 20-16 bukatu zuten lehen tartea. Bigarren tartearen hasieran zonakako defentsa egin zuen Goierrik eta 3-11ko partziala egin ondoren 23-27 jarri ziren aurretik. Orduan defentsako errebotea kontrolatzen hasi ziren etxekoak, eta erasoan, Imanolek eta Kintanak puntu inportanteak lortu zituzten.
Hirugarren tartean partidua erabakitzeko aukera izan zuen MUK, 14 puntuko tartea zabaldu zuenean, baina Goierrik 0-9ko partziala egin zuen markagailua parekatzeko. Azken tartearen hasieran 11 puntuko abantaila zuten etxekoek, baina lehia azken bi minutuetan erabaki zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak