Auzotarren parte hartzea handia izan da Santa Ageda jaietan

Maider Arregi 2009ko otsailaren 8a

Arrasateko Gesalibar auzoan otsailaren 5etik, eguenetik, gaur arte jai giroan murgilduta egon dira. Jose Ramon Askasibar Gesalibarko alkatearen arabera, parte hartzea oso handia izan da bereziki barikuko bertso afarian eta sagardotegiko txotxean.


Eguenean, otsailaren 5ean, hasi zituzten Santa Ageda jaietako ospakizunak Gesalibar auzoan. Luncha egin zuten Santa Ageda eguna ospatzeko eta ondoren meza izan zuten auzotarrendako. Barikuan, berriz, bertso afari polita eta arrakastatsua egin zuten Jon Maia eta Sebastian Lizaso bertsolariekin. Guztira, 75 auzotar izan ziren afaltzen. Gesalibarko alkateak Jose Ramon Askasibarrek adierazi digu primeran pasa zutela eta goizaldeko ordu txikiak arte aritu zirela auzotarrak bertsotan.
Zapatuan, goizean, Txatxilipurdik umeendako jolasak antolatu zituen. Ondoren, Gesalibarko abesbatza kantuan ibili zen auzoan barrena giroa berotuz.
Aurtengo sagardo berria dastatzeko aukera ere izan zuten auzotarrek. Zapiain sagardotegiko kupelarekin txotx egitera 100 autotar gerturatu ziren.
Zapatu gauean, afaria egin zuten Gesalibarko elkartean. Auzotar bakoitzak etxetik ekarritakoa jan zuten afaltzeko.
Domekan, berriz, hildako auzotarren omenezko meza egin zuten. Ondoren, Santa Ageda jaiak borobiltzeko luncha egin zuten bertaratutakoek.

Balorazio positiboa

Jose Ramon Askasibar oso pozik azaldu da eta balorazio guztiz positiboa egiten duela esan digu eguraldiak asko lagundu ez arren. "Parte  hartzea guztiz azpimarragarria da. Izan ere, Gesalibarren 120 auzotar gara eta ia guztiek hartu dute esku ekintza batean edo bestean aste bukaeran".Askasibarrek Arrasateko Udalaren laguntza azpimarratu nahi izan du. Izan ere, Udalak diruz laguntza "polita" egin duela kontatu digu eta eguraldi kaxkarrari aurre egiteko azpiegitura ere eskaini duela esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak