Atzoko agerraldian salatu nahi izan zuten botere judiziala gobernuaren tresna bilakatu dela: "Epaiketa politiko honek helburu argiak izan ditu. Gazte antolakuntza eta gazte borrokarekin amaitzea, betidanik herri honen biziraupena bermatu duen kolektibo batekin amaitzea, eta euskal gazteok ez dugu hori onartu, ez dugu onartzen eta aurrerantzean ere ez dugu onartuko".
Honelako erabakiek, bakea lortzeko bideak moztu egiten dituztela salatu zuten, eta PSOE eta EAJk daramatzaten politika gogorren adibide gisa sailkatu zituzten: "Eraso berri honek argi erakutsi du berriro ere PSOEren gobernuak elkarrizketa baztertu eta errepresioaren aldeko apustua egiten duela."
Mobilizazioak, eguenean
Datorren eguenerako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten: "Urtarrilaren 25ean burutuko diren mobilizazio eta ekimen desberdinetan parte hartzera gonbidatzen dugu euskal gazteria."
Amaia Arrietaren egoera
Atxilotuen berri handirik ez zuten arren, Amaia Arrieta arrasatearra, barikuan atxilotu ostean, Martuteneko presondegian dago. Data jakin bat eman ez arren, alaba berarekin eduki nahi duenez 15 eguneko tramiteen ostean Madrilera eramango dutela uste da.