Automobilek eragindako ingurumen inpaktua gutxitzeko proiektua zuzenduko du MUk

Usoa Agirre 2007ko uzt. 27a, 10:49
Proiektuaren helburua automobilek eragindako ingurumen inpaktua gutxitzea da, haien egitura arinduta, segurtasunik eta erosotasunik galdu gabe. Helburu horrekin, kostu txikiko karbonozko konpositeak erabiliko dituzte proiektuan. Ikerlanaren aurrekontua 11,5 milioi eurokoa da eta 48 hilabete iraungo du.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak zuzendutako proiektuan, guztira, 17 erakundek parte hartuko dute, besteak beste, Espainiako unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresek.

Karbono dioxidoaren isurpena

Mundu zabaleko erakundeek eguraldiaren aldaketa geldiarazteko hartutako konpromisoaren esparruan kokatu dute proiektua. Nazio Batuen Erakundeko Eguraldiaren Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldeak joan den otsailean aurkeztutako txostenaren arabera, karbono dioxidoaren isurpenak eta haiek eragindako beroketa areagotu egin da 1995etik 2005era bitartean, giza jardueraren ondorioz.

Hala, Europako Batzordeak automobilen karbono dioxidoen isurpenaren derrigorrezko murrizketa inposatu du 2012 urtetik aurrera; kilometroko bataz-beste 120 gramoraino.

Egitura arindu

Proiektua zuzentzen dutenen arabera, helburu horiek lortzeko bideetako bat egitura arintzea da. Automobilaren masa % 10 arinduta erregai-kontsumoa % 7 gutxituko dela kalkulatzen dute. ALM (Automotive Lightweighting Materiales) proiektuko datuen arabera, erresistentzia handiko altzairu aurreratuak erabiliz eta fabrikazio-prozesuak optimizatuz, automobilen masa %15 eta %25 bitartean arinduko litzateke. Karbono-zuntzezko konpositeak erabiliz, berriz, masa %25 eta %70 bitartean murriztea lortuko litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak